Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Saiaz mankomunitatea osatzen duten udalerrietan bilerak egin dituzte, adinekoek ekintzetan parte hartzeko dituzten oztopoak eta beharrak aztertzeko. Orain arte jasotako ideia guztiak plazaratzeko Bidania-Goiatzen elkartuko dira ostegunean.
Saiaz mankomunitateak Herri txiki, beso ugari egitasmoa abiatu zuen iazko urrian, Errezilgo, Beizamako, Albizturgo eta Bidania-Goiazko adinduen egoera aztertzeko asmoz. Hain zuzen ere, herri horietan antolatzen diren ekintzetan parte hartzen al duten eta horretarako zer oztopo eta behar dituzten hausnartu dute orain arte herriz herri egin dituzten bileretan. Jasotako ideia guztiak garatzen hasteko asmoz, bilera egingo dute ostegunean, 18:00etan, Bidania-Goiazko udaletxean.
Saiazeko kideek adierazi dutenez, adinduek bileretan plazaratu dute baserrietatik herrigunera, eta, beraz, ekintzetara joateko zailtasunak dituztela maiz, besteak beste ez dutelako gidatzeko baimenik edo ibilgailua hartzeko modurik. Adinduek ekimenetan parte hartzeko dituzten oztopoak gainditzen saiatuko dira aurrerantzean, eta horretarako, besteak beste, "komunitate izaera" bultzatu nahi dute. "Programaren izenak dioen moduan, adineko pertsonek beso bat behar dute ekintzetan parte hartu ahal izateko; hau da, une jakin horietan ondoan pertsona bat behar dute. Orduan, orain ikusiko dugu ea herritarrak animatzen al diren adinduei horretan laguntzera", diote.
Hori eta beste hainbat ideia jorratuko dituzte osteguneko bileran, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte hara.