Aimar Irigoien txapelketan. (Ataria.eus)
Gipuzkoako Harri Txikien txapela berretsi zuen atzo, igandea, Aimar Irigoien harri-jasotzaile Alegian jokatutako XIII. Txintxarri Sarian. Guztira, 9.412,5 kilo jaso zituen errezildarrak 83 altxalditan. Atzokoarekin, 11 txapel ditu dagoeneko harri txikien Gipuzkoako lehian. Dena den, Irigoienek ez zuen lortu 2007an berak ezarritako marka hobetzea; izan ere, urte hartan 9.837,5 kilo jaso zituen.
Jendetza izan zen Alegiko pilotalekuan, eta Irigoien aise nagusitu zen atzoko herri kirol saioa. Haren atzetik, bigarren postuan, sailkatu zen Imanol Albisu
Goikoetxe, 76 altxalditan 8.675 kilo jasota. Hirugarren, berriz, Xabier Peñagarikano
Peña aizarnazabaldarra izan zen, 73 altxaldi egin eta 8.275 kilo jasota. Laugarren Hodei Iruretagoiena
Izeta IV. zarauztarra sailkatu zen 7.837,5 kilo jasota 69 altxalditan. Bogarren, berriz, Xabat Olaizola zarauztarra izan zen, 50 altxalditan 5.625 kilo jasota.
Kirolariek hiru minutuko hiru txanda egin zituzten hiru harri desberdinekin. Lehenik, 125 kiloko koparekin aritu ziren, 112,5 kiloko kubikoarekin ondoren, eta 100 kiloko harri borobilarekin azkenik.
Txapelketa hasi aurretik, Karmele Gisasolak eta Idoia Etxeberriak erakustaldia eskaini zuten; Etxeberria oriotarrak agurreko saioa eskaini zuen, harri-jasotzeari utziko baitio.