"Aizkolari handia da oso Iker [Vicente], eta zoriontzea besterik ez dut"

Ainitze Agirrezabala 2018ko apirilaren 10a

Xabier Orbegozo ‘Arria V’.ak ezin izan zuen nagusitu Iker Vicenteren kontrako aizkora apustuan. Tolosako zezen plazara 1.200 lagun baino gehiago bertaratu ziren, eta ikusmin handiz jarraitu zuten gaztearen garaipena.

Xabier Orbegozo ‘Arria V’.a, joan den igandean Tolosako zezen plazan aizkoran. (ataria.eus) Hitzordu berezia izan zuten joan den igandean aizkorazaleek Tolosako zezen plazan. Gaur egungo Euskal Herriko txapeldunorde Iker Vicentek eta Xabier Orbegozo Arria V.ak nor baino nor neurtu zituzten indarrak, baina errezildar aizkolariak ezin izan zuen nagusitu otsagabiarraren (Nafarroa) kontra. Izan ere, Vicentek 56 minutu eta 28 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko, eta hiru minutu eta bederatzi segundoko errenta atera zion eskualdeko kirolariari. Euria erruz eginagatik, aizkora apustuak jendez goraino bete zuen Tolosako zezen plaza, eta ikusmin handiz jarraitu zuten desafioa bertaratu ziren 1.200 lagun baino gehiagok. Errezildarrak eta otsagabiarrak duela hiru hilabete lotu zuten apustua, Vicentek Arria V.ak botatako erronkari baiezkoa eman eta gero. Hamabi kanaerdiko eta 60 ontzako zortzi ebakitzea adostu zuten; hogei enbor, guztira. Kanaerdikoak errezildarrak jarri zituen, eta Vicentek, berriz, 60 ontzakoak. Bi aizkolariek beraiek jarritako enborrak moztu zituzten aurrena, eta, ondoren ekin zioten aurkariak jarritako materiala ebakitzeari. Lan erdiak eginda, minutu bat eta 45 segundoko aldea atera zion nafarrak Ibarrako bizilagunari. Lehen enborretan atera zion aldea egungo txapeldunordeak errezildar beteranoari, eta hasi eta buka, nagusi dela erakutsi zuen nafarrak. Arria V.aren esanetan, igandekoa "benetako apustua" izan zen, eta momentu honetan Vicente bera baino gehiago da aizkoran. Era berean, bakoitzak bere "kartekin jokatu" zuela gaineratu du errezildarrak; izan ere, Vicentek egur samurrak eraman zituen, eta berak gogorrak. "Nik banekien egur samurrekin zaila zela Ikerri irabaztea, eta enbor gogorretan gailentzeko esperantza nuen. Erdi lanetatik aurrera errendimendua jaitsiko zuela uste nuen, baina justu kontrakoa! Indar eta sendotasun ikaragarriak erakutsi zituen, eta marka izugarria egin zuen Ikerrek igandean. Aizkolari handia da oso, eta zoriontzea besterik ez dut". Hala, alde bakoitzak jarritako 6.000 euroak, 12.000 euro guztira, Otsagabiara joan ziren. Aizkora eta apustua, eskutik Iazko abenduan jokatu zuen azken apustua Orbegozok Xabier Zaldua zumarragarraren aurka Azpeitiko zezen plazan. Orduan, Arria V.a izan zen nagusi, Zalduari ia lau minutuko aldea aterata. Orain arteko desafioetan, aizkora eta korrika uztartu izan ditu errezildarrak, baina oraingo honetan aizkora hutsean aritzea adostu zuten bi kirolariek, eta Arria V.ak uste du desafioa ez irabaztearen "gakoa" hori izan daitekeela: "Ni baino gehiago da gaztea, eta nik ez dut hari aizkora hutsean, lan horietan, irabazterik". Alabaina, Vicenteri nola "irabazi" edo haren denboretara nola "arrimatu" hausnartzeko astia izan du Orbegozok, eta adierazi du horretarako "lau-bost kilo hartu beharra" dituela. Izan ere, azken apustua mistoa izatetik "orain, bat-batean, kolpera" aizkora hutsean aritzera, "aldaketa nabarmena da oso". Gerriz gora "sasoi onean" dagoela dio errezildarrak, baina hanketako eta iztarretako giharrak "indartzeko eta sendotzeko entrenamendu bereziak" egin beharra dituela. "Eta horretarako, urtebete batean, korrikak eta kontuak alde batera uztea beharrezkoa dut. Noski, lau-bost kilo on ez dira hartzen bi egunetan; luzerako kontua izan ohi da hori". Hamarkada batez aizkora alde batera utzita egon zen Orbegozo, eta plazetara itzuli zenetik apustuak baino ez ditu jokatu izan. Zentzu horretan, errezildarrak ez du "aizkora apusturik gabe" ulertzen. "Nik garbi dut mundu honetan jarraitzen badut aizkoran maila ona emateko eta apustuak jokatzeko izango dela. Egunen batean aspertuko edo nekatuko banintz, edo desafiorik sortuko ez balitzait, nire aizkora ibilbidea bukatu egingo da". Errezildarrarentzat "beharrezkoak" dira txapelketak "noski", baina haren ustez kirolari profesionalen artean "benetako lehia" desafioetan izaten da. Gazte asko harmailetan Tolosako zezen plazan jokatu zuten erronkara jendetza bertaratu zen, eta errezildarrak gaineratu du "ezusteko polita" izan zuela harmailetan "gazte ugari" ikusita. Orbegozoren esanetan, jende gaztea herri kirolen mundura "erakartzeko" halako ikuskizunak antolatzea "beharrezkoa" da. "Gure aitaren-eta garaitik, plazara joan ez diren pare bat belaunaldi galdu dira, baina harmailetan hainbeste gazte ikusteak bermatzen du afizioa egon badagoela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide