Xabier Orbegozo 'Arria V' ETB1eko 'Gure kasa' saioan izan zen atzo.
Igandean Tolosako zezen plazan jokatuko den
aizkora apustuaren atarian, "lanik gogorrena eginda, eta gerrarako prest" dago Xabier Orbegozo
Arria V errezildarra. Hala esan zuen atzo ETB1eko
Gure kasa saioan. Errezildarrak Iker Vicente aizkolariaren kontra neurtuko ditu indarrak igandean. Gaur egungo Euskal Herriko txapeldunordea da Vicente, baina
Arria V.ak adierazi duenez, ez dio beldurrik aurkariari, "errespetua" baizik. Urteko apustua igandean jokatuko badu ere,
Gure kasa saioan beste desafio bat jokatu zuen, Julen Telleria kazetariaren eta Irati Anda eskalatzailearen kontra. Horrez gain, errezildarrak jokatutako apustuak, hari egindako elkarrizketak eta 'Gailurra Xtreme' saioko atalak arakatu zituzten atzo
Gure kasa programan. Saioa osorik,
hemen.
Errezildarrak eta Otsagabiakoak (Nafarroa) duela hiru hilabete lotu zuten apustua, den Vicentek
Arria V.ak botatako erronkari baiezkoa eman eta gero. Ohiko negoziazioen ostean, hamabi kanaerdiko eta 60 ontzako beste zortzi ebakitzeko baldintza adostu zuten; hogei enbor, guztira. Aizkolari bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu jokoan. Horrenbestez, 12.000 euro izango dira jokoan igandeko desafioan. 12:00etan hasiko da apustua.