Arria V.na eta eta Iker Vicente, desafioaren agertokian. (Ataria.eus)
Hitzordu berezia izango da igandean, apirilaren 8an, Tolosan. Izan ere, bertako zezen plaza izango da Xabier Orbegozo
Arria V.aren eta Iker Vicenteren arteko aizkora apustuaren agertokia. Errezildarrak eta Otsagabiakoak (Nafarroa) duela hiru hilabete lotu zuten apustua, gaur egungo Euskal Herriko txapeldunordea den Vicentek
Arria V.ak botatako erronkari baiezkoa eman eta gero. Ohiko negoziazioen ostean, hamabi kanaerdiko eta 60 ontzako beste zortzi ebakitzeko baldintza adostu zuten; hogei enbor, guztira. Aizkolari bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu jokoan.Horrenbestez, 12.000 euro izango dira jokoan igandeko desafioan. Apustuaren atarian, bi kirolariek agerraldia egin dute gaur Tolosako zezen plazan.
Bertan azaldu dutenez,
Arria V.ak jarriko ditu kanaerdikoak, eta Vicentek, berriz, 60 ontzakoak. Egurrak larunbatean jarriko dituzte, epaileen aurrean. Igandeko desafioa 12:00etan hasiko da, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Tolosako Kantabriko tabernan –han lotu zuten desafioa–, 40 eurotan. Igandean ere txartelak eskuragarri izango dira zezen plazako leihatiletan.
Errezildarrak adierazi du "bizitzako momenturik onenean" iritsiko dela apustura. Horrez gain, esan du desafioan egin beharreko lanek "errespetua" ematen dietela. Dena den, Tolosara etxean "lan ona" eginda doala azpimarratu du. Horrez gain, errezildarrak esan du bere nahia dela bi kirolariek azken hilabeteetan egindako lana zezen plazan ikustea. Arria V.aren hitzetan, "borroka gogorra izango da igandekoa".
Arria V.ak esperientzia handia du apustuetan, eta horietan zaildutakoa da jada. Joan zen abenduaren 3an jokatu zuen
azken desafioa Xabier Zaldua zumarragarraren aurka Azpeitiko zezen plazan. Orduan errezildarra izan zen nagusi, Zalduari ia lau minutuko aldea aterata. Vicentek, aldiz, lehen apustua izango du igandekoa. Hala ere, "sasoiko" dagoela esan du gaurko agerraldian: "Lan asko egin dut apustua prestatzeko, ordu asko sartu ditut, eta oso ondo nago; inoiz baino hobeto, egia esan". Horregatik, igandean "lan oso ona" egiteko asmotan dagoela adierazi du Otsagabiako aizkolariak. Gainera, eskerrak eman dizkie senideei eta babesleei "agertutako laguntza guztiagatik".