Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren eragin linguistikoa neurtu du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2018ko ots. 16a, 10:24

Planak euskararen garapenean izan dezakeen eragina aztertu dute. Euskararen ezagutzan beherakada aurreikusi dute. Neurri zuzentzaileak ezarri dituzte.

Ebaluazioa egiteaz arduratu diren kideak eta udal ordezkariak bilera batean. (Arritxu Zelaia) Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak Errezilen izango duen eragin linguistikoa neurtu du udalak. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) Uemaren laguntzarekin egin du erakundeak, eta azterketaren ondorioetan nabarmendu dutenez, Errezil herri txikia bada ere, "oso handiak" dira hango euskararen ezagutza eta erabilera mailak. Horregatik, udalerri horretan hirigintzan egin daitezkeen esku-hartzeek egoera soziolinguistikoan "eragin handia" izan dezaketela esan du Goizane Arana Uemako euskara teknikariak. Neurketaren egileek zehaztu dutenez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren barruan udalak aurreikusita dituen neurrien artean eragin handiena izango dute etxebizitza berriek eta horien eraikuntzaren ondorioz Errezilera joango diren biztanleek. "Herri osoan eragingo dute horiek; izan ere, Plan Orokorra bere osotasunean garatzen bada, euskararen ezagutza 4,73 puntu jaistea aurreikusten da", azaldu du Aranak. "Hala ere, euskararen babes neurriak kontuan hartuta, bilakaera indizea -3,73koa izango lizateke; eragin moderatu kaltegarria", erantsi du. Errezildarrek euskara "naturaltasunez" erabiltzen dutela azaldu dute azterketaren egileek. Dena den, "arreta" jarri behar da datuetan, hamar urtetan 9,2 puntu jaitsi baita euskararen ezagutza datua herrian. Hala eta guztiz, azterketaren egileek azaldu dutenez, ez dute aurreikusten Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak herriko errealitate soziolinguistikoan "aparteko eraginik" izango duenik: "Ez da aurreikusten aparteko eraginik izan dezakeenik komunitatearen kultur eta gizarte bizitzan, are gutxiago hizkuntzaren paisaian, zerbitzuen eskaintzan eta komunikazioan". Ebaluazioa eginda, euskararen ezagutzaren balizko jaitsieraz gain, beste eragin mota bat ere nabarmendu du Aranak: "Errezilera joan den biztanle asko euskaldunak izango direla aurreikusten bada ere, horiek eramango duten hizkera ezberdina izango da, eta horrek herriko hizkera aberats eta bizia aldatzea ekar dezake". Horri lotuta, Nekane Zinkunegi Errezilgo Euskara zinegotziaren hitzetan, ELEk balio izan die herriko hizkera zer trinkotze mailatan dagoen aztertzen hasteko. Neurri zuzentzaileak Ebaluazioaren ondorioetan ikus daitekeenez, "badaezpadako neurri zuzentzaileak" ere proposatzen ditu azterketak. Batetik, etxebizitza berrien planifikazioan eragitea, hala nola errolda irizpidea ezarrita, kooperatiba izaera sustatuta, etxebizitza guztiak batera ez eginda eta etxebizitzak herritarrentzat izan daitezen neurriak hartuta. Eta, bestetik, proiektuak garatu aurretik eta proiektua egin bitartean obren baimenetan hizkuntza irizpideak ezartzea ere proposatu dute, proiektuaren iragarkiak tokiko eta euskarazko hedabideetan jartzea lehenetsita. Gainera, Errezilera joan daitezkeen herritar berriei dagokienez, hainbat neurri proposatu dute azterketaren egileek: herritar berriak euskaraz modu naturalean bizi daitezen lortzeko, horretarako beharko duten "babes eta erraztasun guztiak" ematea, adibidez. Neurri zuzentzaile horiek ezarriko direla bermatzeko, jarraipen batzorde bat osatu dute. Batzorde horren koordinatzailea izango da Nekane Zinkunegi, eta Uemako kideak, Errezilgo udal ordezkariak eta Errezilgo udal arkitektoa partaideak. Zinkunegiren arabera, "arreta pizteko" balio izan die ebaluazioak. "Herri bizitzan ez gara jabetzen Errezilen euskarak izan ditzakeen arriskuez. Burutik pasatu ere ez zaigu egiten halakorik, baina euskararen ezagutza datuak ikusita jakin ahal izan dugu azken etxebizitzak egin zirenean ere behera egin zuela datuak". Kezka abiapuntu UEMAk 2015ean sortu zuen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, udalerri euskaldunak erdalduntzen ari zirela erakusten zuten datuekin kezkatuta; izan ere, Uemaren ildo nagusietako bat da udalerri euskaldunen zaintza. Hain zuzen ere, Uemak Kontseiluarekin, UEUrekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin antolatutako Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan egindako hausnarketaren emaitza izan zen proiektuek hizkuntzarengan izan dezaketen eragina neurtzeko tresna sortzea. Aranak azaldu duenez, udalerri euskaldunetan euskararen ezagutzak izan duen atzerakada gelditzeko "berebiziko garrantzia" du prebentzio ikuspegia txertatzeak. "Errezil arnasgune bat da, eta horrelako herriak zaintzeak berebiziko garrantzia du euskararen normalizazioari dagokionez". 2015eko Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien bigarren edizioan, ELE tresnaren lehen bertsioa aurkeztu zuen Uemak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Gainera, euskalgintzak eta erakunde publikoek bat egin zuten gaiaren garrantzia nabarmentzerakoan, eta ELEri lege izaera eman zioten 2016an, EAEko Udal Legea onartzean. Udal Lege horrek babesa ematen dio ELEri, hirigintza planek edo gainerako proiektuek hizkuntzan izango duten eragina aztertzeko beharra badela aitortuta. Oriokoa izan zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak herrian izango zuen eragin linguistikoa aztertu zuen lehen udala. 2016ko otsailean egin zuen lan hura. Ordutik, Orexan, Munitibarren, Lekarozen, Alegian eta Errezilen ere egin dute ebaluazioa. Errezil 2017ko urtarrilean sartu zen Ueman, eta ordurako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eskuen artean zuten udal ordezkariek. Uemak bultzatuta egin zuten ELE, eta prozesua "aberasgarria" izan dela azaldu du Zinkunegik. "HAPO erabat garatuta dagoenean Errezil zer izango den pentsatzen jarri gaitu ebaluazioak, eta ikusi dugu aldaketak nola eragingo dion euskarari. Izan ere, hirigintza arauak diseinatzerakoan ez da pentsatzen horiek izan dezaketen eragin linguistikoa". Zinegotziaren arabera, hizkuntza zerbait "transbertsala" da, eta udaleko beste hainbat eremutan ere izan behar da kontuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide