Irisgarritasuna hobetzeko igogailua eta arranpa jarri dituzte Errezilgo San Martin herri eskolan

Urola Kostako Hitza 2018ko urt. 11a, 13:19

  Errezilgo San Martin herri eskolako irisgarritasuna hobetzeko asmoz, hainbat lan egin du Errezilgo Udalak. Hain zuzen, ikastetxe barruan igogailua jarri dute, baina jolastokiraino iritsi ezin zitekeenez, eraikinaren beheko solairutik hara irteteko arranpa egin dute. Obrak joan zen abuztuaren amaieran bukatu bazituzten ere, urtea hastearekin batera jarri dituzte martxan azpiegitura berriak. Ikastetxeko kideentzat nahiz herritarrentzat jarri dute igogailua, baina eskolaz kanpoko orduetan, herritarrek soilik jolastokira irteteko erabili ahal izango dute. Beraz, herritarrek ahalik eta egokien erabil dezaten, funtzionamendu zehatz bat izango du igogailuak, Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak eta Nekane Zinkunegi zinegotziak jakinarazi dutenez: ikastetxearen kanpoko eta eraikinetik jolastokira irteteko ateak zabalik izango dira beti. Sarrerako atea uneoro irekita egongo bada ere, eskolaz kanpoko orduetan itxi egingo dituzte ikasgeletara joateko sarbide diren ateak. Igogailuak, gainera, ordutegi zehatz bat izango du: neguan, 09:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta udan 09:00etatik 22:00etara artean erabili ahal izango da. Horrez gain, ikastetxearen bigarren solairura joan ahal izateko irakasleek giltza edukiko dute, han ikasgelak baitaude. Beheko solairua, jolastokira irteteko ateaz gain, soinketako gela eta komunak daude, eta horiek itxi egingo dituzte eskolaz kanpoko orduetan. Soilik ekitaldiak daudenean irekiko dituzte. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 60 ikasle inguru ditu San Martin eskolak, eta hango kideen arabera, "zorte handia" izan dute orain arte, eskailerak erabili behar izateak ez dielako arazo handirik eragin. "Baina arazoak izan ditugunean penagarria izan da. Esaterako, inork min hartu eta aulki gurpilduna erabili behar izan dituenean, eskaileretan behin behineko igogailu bereziak jarri behar izan ditugu. Makuluekin ere hala edo nola ibili izan dire umeak, eta ikasleak bizkarrean hartuta ere ibili izan gara". Horrez gain, ikastetxe kanpoan dagoena da herriko jolas parke bakarra, eta asteburuetan hara joaten dira guraso eta seme-alaba asko, Agirretxek esan duenez. "Haur kotxeak jaisteko eta igotzeko arazo asko izaten zituzten gurasoek, eta kexa ugari jaso ditugu hango irisgarritasunaren inguruan". Zinkunegiren esanetan, "petatxuak" izan dira orain arte hartutako neurriak, eta udalak 2015ean erabaki zuen irisgarritasuna bermatzeko lanak egitea ikastetxean. 1995ean ireki zuten Errezilgo San Martin eskola. Eusko Jaurlaritzak egin zuen ikastetxea, eta gero udalari eman zion eraikina. Bi solairu ditu ikastetxeak, eta orain arte soilik eskailerek lotzen zituzten solairuak. Horrez gain, ikastetxetik jolastokira joateko ere eskailerak jaitsi behar izaten zituzten orain arte. Agirretxeren arabera, "aspaldiko eskaera" izan da eskolan arrapala eta igogailua jartzea, baina udala eta jaurlaritza ez dira ados jarri izan nori zegokion obrak egitea. "Udalaren egoera ekonomikoa zela eta, udalak ezin izan du obren gain hartu". Obren proiektuak 120.000 euroko aurrekontua izan du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu ditu lanak. Laguntzen bidez proiektuaren gastu guztiak estali dituzte, baina "ustekabean" sortu diren beste hainbat ere egin behar izan dituzte; hala nola, horma bat eraiki dute arranparen ondoran, eta obra horiek lan udalak ordaindu ditu. Guztira, 135.000 euroko kostua izan dute lanek, beraz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide