Arria V.ak Iker Vicenterekin neurtuko ditu indarrak apirilaren 8an Tolosan jokatuko duten apustuan

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 7a

Hogei enbor ebaki beharko dituzte apustulariek: hamabi kanaerdiko eta 60 ontzako zortzi. 6.000na euro izango dituzte jokoan.

Iker Vicentek baiezkoa eman dio Xabier Orbegozo Arria V.ak botatako erronkari. Horrenbestez, Otsagabiakoak (nafarroa) eta Errezilgoak aizkora apustua jokatuko dute Tolosako zezen plazan hiru hilabete barru, apirilaren 8an. Joan den asteazkenean lotu zuten apustua, Tolosako Kantabriko tabernan. Hara azaltzeko gonbita luzatua zuen Arriak, baita Vicente bertaratu ere. Ohiko tira-biren eta eztabaiden ondoren, hamabi kanaerdiko eta 60 ontzako beste zortzi ebakitzeko baldintza adostu zuten; hogei enbor, guztira. Hogei kanaerdikotara jokatzea zen Arriaren hasierako asmoa eta proposamena, eta Vicentek, berriz, kanaerdikoak eta oinbikoak nahastea nahi zuen; azkenean, 60 ontzako enborrak sartzeari ameto eman zioten bi aldeek. 6.000na euro izango dituzte jokoan. Ikusmin handia sortu du Arriaren eta Vicenteren arteko apustuak. Errezildarra apustuetan zaildutakoa da; joan den abenduaren 3an jokatu zuen azkena eta irabazi egin zion Zalduari, Azpeitian. Nafarrak, aldiz, lehen apustua izango du apirilaren 8koa. Hala ere, goi-mailako aizkolaria da Vicente; besteak beste, egungo Euskal Herriko txapeldunordez da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide