Santa Lutziko feriko gaurko irudi bat. (Goierriko Hitza)
Egun handia izan da gaur Urretxun eta Zumarragan; izan ere, Santa Lutzi feriarekin festa giroan murgildu dira bi herri horietako bizilagunak eta bertaratutakoak. Urtero bezala, hainbat sari banatu dute, hala nola barazkienak eta frutenak zein animalienak. Eskualdera ere ekarri dute hainbat sari ekoizleek, besteak beste, Errezilera, Aiara eta Azpeitira.
Errezil sagarren Zumarragako lehiaketan bigarren saria jaso du Jose Antonio Aizpuru errezildarrak. Euskal oiloa arrazako kapoien lehiaketako hirutik hiru sari Aiara joan dira; izan ere, Jose Ignazio Egurtzak lehenengo eta hirugarrengo sariak jaso ditu eta bigarrena Nekane Gonzalezek. Arraza arrunteko kapoien lehiaketako hirugarren saria Mari Karmen Egurtza aiarrak eskuratu du. Jose Inazio Egurtzak eta Mari Karmen Egurtzak beste sari bana ere jaso dute: euskal oiloa arrazako oilaskoen sariketan bigarren saria jaso du Jose Inaziok eta arraza arruntekoen hirugarrena Mari Karmenek. Bestalde, behorren lehiaketak irabazi dituzte Luix Uzkudun errezildarrak eta Mari Karmen Arregi azpeitiarrak. Horiez gain, beste sari bat ere eraman dute Azpeitira; hain zuzen ere, Inazio Arangurenek irabazi du mendi behor rustiko lote onenaren saria.
Santa Lutzi feriako argazkiak
Goierriko Hitzaren webgunean ikus daitezke.