Gaur hasi eta abenduaren 3ra bitartean Errezil Sagarraren Astea antolatu dute

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 24a

Urola Gustagarri ekimenak Errezil Sagarraren Astearekin bat egin du

Errezilgo Errezil Sagarraren Asteko egitarauko ekitaldiak gaur, azaroak 24, hasiko dituzte Errezil sagarrarekin prestatutako pintxo-potearekin. Urola Gustagarri egitasmoak bat egin du Errezil Sagarren inguruan antolatutako ekintzekin, eta fruitu hori oinarri hartuta liburuxka bat kaleratu dute elkarlanean Urkomek, Iraurgi Berritzenek, Ibarbi Errezilgo Errezil sagarraren elkarteak, Errezilgo Udalak eta Errezilgo Azokak. Liburuxkarako errezetak Errezilgo Borondegi eta Zarauzko Aiala ostalaritza eskolakoek prestatu dituzte. "Errezil sagarra eskualdeko produkturik garrantzitsuenetako eta ezagunetako bat da, eta ekimenarekin produktuari balioa eman nahi diogu", azaldu dute Urola Gustagarrikoek.

Urola Gustagarrik Errezil sagarraren inguruan lan egingo duen laugarren urtea da, Errezil sagarra bera eta Errezilen sagar horren bueltan egiten den azoka sustatzeko asmoz.

ERREZILEN, ERREZIL SAGARRAREN ASTEA:

  • Azaroak 24, ostirala. Pintxo-potea. Errezil sagarrarekin egindako pintxoak.
  • Azaroak 30, osteguna. Errezil sagarraren degustazioa bi aditurekin. 19:00etan, Borondegi tabernan.
  • Abenduak 3, igandea. Errezil sagarraren azoka. Azokaren barruan hainbat ekintza egingo dute: sagardo muztioaren elaborazioa, sagardoaren, sagarraren eta sagarrarekin egindako produktuen postuak, taloak, gaztaina erreak, sagar dultze lehiaketa herrikoia, artisauen postuak...
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide