Iazko Errezilgo kros mistoa. (Argazkia: Ihintza Elustondo)
Joan den asteburuan errezildarrak San Martin jaietan bete-betean murgilduta izan ziren, baina festak ez dira oraindik bukatu. Izan ere, Jubilatuen Eguna ospatuko dute etzi, eta hainbat ekitaldi prestatu dituzte sanmartinetako azken egunerako.
Kirola eta edana izango dira igandean hitzordu nagusiak Errezilen. Hala, hirugarren urtez jarraian, jokatuko da Errezilgo Kros Mistoa; iaz bezala, aurten ere Urola Kostako Kros Mistoen Txapelketan puntuagarria izango da. Jon Ziarsoloren esanetan, momentuz 30 bikotek eman dute izena lasterketan, eta gogoratu du larunbata bitartean eman daitekeela izena herrikrosa.eusen. Halere, egunean bertan ere eman ahalko da izena, Goiko plazan. Kros mistoan parte hartzeko bikoteko 20 euro ordaindu behar dira, eta trukean kamiseta bana eta lasterketaren ondoren hamaiketakoa emango zaizkie korrikalariei.
Errezilgo III. Kros Mistoa 12:00etan izango da, eta 14 urtetik gorakoek har dezakete parte. Lasterkariek 6,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute eta irabazleentzat sariak egongo dira, eta zozketak gainontzekoentzat. Helduen krosaren aurretik, berriz, umeen lasterketa egingo dute, 11:00etatik aurrera. Txikienek 200 eta 400 metro artean egingo dute korrika, eta
12 eta 16 urte artekoek, berriz, 1,2 kilometroko ibilbidea izango dute.
Aldarrikapenerako tartea ere izango da Errezilen igandean. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar zortzi, eta horren harira, kros mistoaren aurretik minutuko isilunea egingo dute.
Behin krosa bukatutakoan, zintzurra bustitzeko abagunea izango dute igandean Errezilera bertaratzen direnek. Izan ere, lehen aldiz, ardo dastaketa antolatu dute. Guztira, Arabar Errioxako sei upategitako ardoa edan ahalko da. Bost ardo dastatzeko txartela eta kopa bost euroren trukean salduko dituzte.
Pasaiako badia, ikusgai
Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an Pasaian hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideri gertatutakoa kontatzen duen Pasaiako badia dokumentala eskainiko dute hilaren 23an Errezilgo Borondegiko aretoan, 21:00etan. Yuri Agirre, Xabier Otamendi eta Erik Aznal ikus-entzunezkoaren egileak saioan izango dira.