Lynn Hill: "'The Nose' egitea izan da nire ibilbideko lorpen garrantzitsuena"

Ainitze Agirrezabala 2017ko azaroaren 9a

Eskaladaren munduan mitoa den Lyn Hillek hitzaldia eskainiko du gaur Soreasun (21:30). Eskalatzaile bizitza eta bere lorpen garrantzisuenak izango ditu hizpide saioan Hillek.

Lynn Hill. (Ainitze Agirrezabala) Errezilgo Solaka baserrian dago apopilo Lynn Hill (Detroit, AEB, 1961), astelehenaz geroztik. Urteak dira Hillek maila profesionalean lehiatzea utzi zuela, baina haren bizibideak eskaladara "estuki" lotuta jarraitzen du. Oñatiko Araotzen izan zen herenegun eskalatzen, eta, atzo, Solakako beheko suaren epelean, bere eskalada ibilbideaz aritu zen solasean. Uneotan, mendi gidaria da, eskalada tekniken inguruko bideo bat ari da lantzen eta eskalada eskolak ere baditu. Ahizparekin eta haren mutil lagunarekin joan zinen aurrenekoz eskalatzera, 14 urterekin. Nola gogoratzen duzu lehen aldi hura? Esperientzia polita eta handia izan zen. Orduan ez nintzen jabetzen eskaladak nire bizitzan izango zuen garrantziaz. Zer da zuretzat eskalada? Gauza asko: bizitzeko filosofia, lagunartea, mugimenduen meditazioa, osasuntsu egoteko modua, helburua eta munduan zehar bidaiatzeko aitzakia. Garai batean, ez genuen uste eskaladatik bizitzea posible izango zenik, baina eskalatzaile profesionala izatera iritsi naiz. Gaztetan, besteak beste, gimnasta eta lasterkaria izan zinen; pisua altxatzen, berriz, ia munduko errekorra hautsi zenuen. Kirolerako duzuna berezko dohaina al da? Eskaladan ez bezala, pisua altxatzen giharrak atrofiatzen zitzaizkidan, eta, gainera, garai hartan, pisua altxatzeko kirolaren munduan esteroideen boom-a izan zen. Uztea erabaki nuen, nahiago nuen eskalatzea. Gerriz behera, iraupen luzeko probetan, abantaila genetikoa dut. Noski, gerriz gorako giharrak askoz garatuago eta indartsuago ditut. Ideia bat egitearren, Martina Navratilova tenislari ohiari 50 metroko igeriketa proban irabazi egin nion. 1986 eta 1993 urteen artean, nazioarteko 30 titulu baino gehiago lortu zenituen. Hainbeste urtez profesional mailari eusteko, zer gaitasun dituzu? Gakoa psikologia da, %70ean. Alde fisikoak %30eko pisua du. Eskaladaren munduan mitoa zara, Kaliforniako Yosemiteko The Nose bidea estilo librean eta 24 orduan igota. Nola oroitzen duzu lorpen hura? Nire kirol ibilbidean satisfazio handiena eman didan lorpena izan da. The Nose igotzean pozez zoratzen nengoen. Banekien izugarrizko lorpena zela, baina blokeatuta nengoen, ezin prozesatuta. Lehenengoa izan nintzen horma hura estilo librean eta 24 ordutan igotzen, eta ez nuen alderatzeko erreferentziarik. Zailtasun tekniko handiko bidea lanaren eta saiatu izanaren ondoren igotzea lortzean sentitzen duzuna izugarria da. Mende laurdena pasatu da ordutik, eta izen handiko eskalatzaileak saiatu diren arren, lau pertsonek bakarrik lortu dute egitea: Scott Burkek, Beth Roddenek, Tommy Caldwellek eta Jorg Verhoevenek. Zer eman dizu eskaladak? Satisfazioa, sormena eta naturarekin eta munduarekin lotura. Eskaladari esker naiz gaur naizena. Eta zer kendu dizu? Segurtasuna. Ez dut lanpostu finkorik izan, eta nire lagun guztiak jubilatuta daude, eta ni, ba... Bestalde, nire ingurukoek beste bizi erritmo bat eraman dute. 14 urteko semea dut, eta nire anaia-arrebak, berriz, aitona-amonak dira. 40 urte bete aurretik hausnartu nuen amatasunaz. Eskaladarako pasioa kutsatu al diozu semeari? Ez. Espiritua badu, eta izan zitekeen eskalatzaile ona, baina skatearekin eta bizikletarekin jauziak egiten aritzen da; oso ona da. Eskalada tarteko, asko bidaiatu dut, eta semeak nigandik jaso duena baino arreta handiagoa eskatu izan dit. Zentzu horretan, eskalada zerbait negatiboa izan da berarentzat. Gizonena izan den munduan,  egoera desatseginik bizitzea egokitu al zaizu? Ez. Jende asko dago horretan fokalizatuta; izan ere, politika, ekonomia... arloetako goi postuetan gizonak daude, baina garrantzitsuena ez da emakumea edo gizona izatea; norbanako bakoitzak du bere garrantzia. Soreasuko gaurko saioan zer eskainiko duzu? Nire eskalatzaile bizitzaren eboluzioa eta The Noseko lorpenaren bideoa eskainiko ditugu, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide