Iñaki Beristainen aldeko meza izango da etzi, Errezilen

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 3a

Fraide frantziskotarraren aldeko meza izango da igandean Errezilgo San Martin parrokian, 10:00etan. Irailaren 24an hil zen Beristain minbiziak jota, 70 urterekin.

Iñaki Beristain, Arantzazun. (Argazkia: Onintza Lete) Iñaki Beristain (Errezil, 1947-2017) fraide frantziskotarraren aldeko meza izango da etzi, igandea, Errezilgo San Martin parrokian, 10:00etan. Irailaren 24an hil zen Beristain minbiziak jota, 70 urterekin. 20 urterekin apaiztu zen errezildarra, eta mende erdia egin zuen Arantzazun. Ebanjelizazio arduraduna izan zen frantziskotarren probintzian eta Espainiako ebanjelizazio idazkaritzan. Gainera, Arantzazuko probintziako kontseilari eta Espainiako santutegietako batzarreko kide izana zen. Horrez gain, Arantzazuko meza emailea, hango koruaren zuzendaria eta Arantzazu hilabetekariaren zuzendaria zen. Hedabideetan ere urte luzez aritu izan zen Beristain: ETBko Egi bidean saioaren arduradun izan zen 1988tik, adibidez. Euskaltzalea zen Beristain.  Gure izarra eta Jakin aldizkarietan jardun zuen. Orain urtebete inguru argitaratu zuen azken liburua, Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari, Xabier Euzkitzerekin eta Eduardo Urarterekin batera. Urola Kostako Hitzak elkarrizketa egin zion Beristaini duela lau urte. Honako lotura honetan irakur daiteke elkarrizketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide