"Oso pozik" dago Joxe Galarraga (Errezil, 1947), Errezilgo sagardo onena beraien baserrikoa baita. Joan zen zapatuan izan zen Errezilgo Sagardo Txapelketa, eta dozenaka lagun elkartu ziren pilotalekuaren gainaldeko dantzalekuan.
Epaimahaiaren saria jaso zuen Estrada baserriak, eta herritarren saria, berriz, Buztinzuri etxeak.
Espero zenuen txapela janztea?
Bai, zera! Egundoko ezustekoa izan zen. Urtero parte hartu izan dugu, eta beti aurreko postuetan sailkatu izan gara. Baserrian bizi den anaia zaharrenak, Julitok, 85 urte ditu, eta betidanik opa nion hari txapela. Aurten txapela ekarriko genuela esaten nion, eta hala erantzuten zidan: "Egon hadi isilik! Beste tokietan ere sagardo ona egiten ditek!". Orain, txapel hori dela eta ez dela, ez dakizu kalean zenbatek ematen dizkidaten zorionak!
Anaiak, hortaz, hartuko zuen poz ederra, ezta?
Egundokoa! Hankak izorratuta ditu, eta ez zen txapelketara joan. Igande goizean eman nion txapela, eta poztu zen gizona.
Eta non zintzilikatu duzue txapela?
Garai batean ukuilua zena soziedadea da gaur egun, eta han elkartzen gara mahaiaren bueltan, txotxa ere badugu eta. Beraz, txoko hartan jarriko dugu.
Zer ezaugarri ditu zuen sagardoak?
Ni ez naiz aditua, ezta gutxiago ere, baina gurea lehor samarra da, xanpainaren antzera; ez da batere gozoa. Neu pixka bat gozo zalea naiz.
Zer giro bizi izan zenuten txapelketan?
Ba al dakizu nola joan nintzen dastaketara? Piperretara Errioxara joan, upategian bazkaldu eta eguna kanpoan pasatuta. Sagardoa probatzera beste modu batera joan beharra dago. Semeak hala esan zidan: "Beno, aita, orain ea etxeko sagardoa ezagutzen duzun". Asmatu nuen, e!
Oro har, aurtengo uztari dagokionez, zer maila zegoen?
Bost-sei baserritako sagardo onak baziren. Gurearen parekoak edo hobeak, ez dakit.
Noiztik egiten duzue?
Betidanik egin izna dugu. Nik ez dut Estradan sagardorik edan gabe egun bat ere ezagutu. Garai batean, auzokoak etortzen ziren gure etxeko dolarean sagardoa egitera.
Zenbat ekoizten duzue?
1.600 litro egin ditugu, eta beste 500 falta zaizkigu egiteko. 20-30 sagarrondo ditugu, eta sagardoaz gain, irasagarra eta konpota ere egiten ditugu, eta soberakina kanpora saltzen dugu.
Zein da sekretua ?
Sagar ona erabiltzea eta erremintak, ontziak eta dolarea ondo garbitzea. Lehen, gure ama zenak-eta sagar ona saldu egiten zuten azokan, dirua behar zen eta, eta ustela sagardoa egiteko asko erabiltzen zuten. Gaur egun, sagar ustela baztertu egiten dugu.