Errezilgo sagardo uzta onena aukeratuko dute

Ainitze Agirrezabala 2017ko urriaren 6a

Herriko 11 baserritan ekoitzitako sagardoek parte hartuko dute Errezilgo V. Sagardo Txapelketan. Sarrera hamar euro izango da, eta aurten publikoaren saria ere banatuko dute

Errezilgo 11 baserritan egindako sagardoa dastatzeko eta erakusteko aukera izango dute bihar Hernioren magalean dagoen herrian. Sagar bilketa bete-betean egiten ari diren garaian, Errezilgo Sagardo Txapelketa antolatu du Gaztetandik kultur elkarteak, bosgarren urtez jarraian. Errezilgo hogei bat baserritan ekoizten dute sagarretik eratorritako muztioa, baina Gaztetandik elkarteko kide Iñaki Irulegiren esanetan, ez dira "ausartzen" guztiak beren sagardoak txapelketan aurkeztera. "Zenbait baserritan ez dute urtero egiten sagardoa, baina izan dira urteak txapelketan hamazazpi edo hamalau etxek parte hartu dutenak". Herritarrak, epaile Urtez urte beren etxeetan sagardoa egiten ari diren herritarren uzta epaitzeko, berrikuntza bat erantsi diote ekitaldiari, aurtengoan. Hala, Irulegik aurreratu duenez, "txapelketara doan jendeak ere aukera izango du bere gustukoen duen sagardoaren aldeko botoa emateko". Beraz, biharkoan bi sari banatuko dituzte. Alde batetik, sagardoaren munduan adituak diren hiru azpeitiar ariko dira epaile lanetan, mahaitik mahaira baserri bakoitzeko sagardoa dastatzen, eta onenarentzat txapela eta garaikurra izango dira. Eta, bestalde, publikoaren boto gehien jasotzen dituen sagardoak ere izango du saria: garaikurra, alegia. Lehen bi edizioetan, Errezilgo Mugarrieta baserriko sagardoa izan zen onena; eta azken bi urteetan, berriz, Basabe Barrena etxekoa. Gaztetandik kultur elkarteko kideak azaldu duenez, aurreneko hiru lehiaketetan, epaimahaiari dagokionez, epaile bat errezildarra izaten zen, baina hartutako erabakia "objektiboa" izateko eta "zeresanak saihesteko", iaztik hiru epaileak herritik kanpokoak dira. Mugarrieta, Basabe Barrena, Zumeta, Angun, Irure Txiki, Ezama Enea, Lasturreta, Urdalleta, Zuzketa, Estra Zaharra eta Buztinzuri baserrietako uztak izango dira txapelketan zintzurra bustitzeko jarriko dituztenak. Irulegik dio herritarrez gain, inguruko herrietatik gero eta jende gehiago etorri ohi dela biharko jaialdira, eta "giro oso polita" izaten dela. Beste urteetan frontoian egin izan dute txapelketa, baina, aurten, eguraldi ona bada, pilotalekuaren gainaldeko dantzalekuan izango da. Errezilgo sagardo uzta onena aukeratzeko txapelketa bihar jokatuko dute, 20:00etatik 22:30era. Hamar euro ordaindu beharko da sarrera, eta sagardoa, pintxoak, postrea eta kafea sartuko dira prezio horren barruan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide