Errezilgo V. Sagardo Txapelketa jokatuko dute larunbatean

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 3a

Errezilgo baserrietan egindako 11 sagardok parte hartuko dute lehian. Bi sari izango dira: epaimahaiarena eta publikoarena. Edonor joan daiteke bertara, eta hamar euro ordaindu beharko da sarrera.

Iazko Errezilgo Sagardo Txapelketako irudi bat. (Nerea Uranga) Aurreko urteetan bezala, sagar bilketa egiten ari diren garaian, Errezilgo Sagardo Txapelketa antolatu du Gaztetandik kultur elkarteak. Herriko baserrietan egindako sagardoa dastatzeko eta erakusteko ospatzen dute ekitaldia, eta bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Guztira, 11 baserritarrek parte hartuko dute txapelketan; denak dira urtez urte beren etxeetan sagardoa egiten ari diren herritarrak. Sagardoa dastatzeaz gain, pintxoak jateko aukera ere izango da larunbatean. Hiru aditu ariko dira epaile lanetan, mahaitik mahaira baserri bakoitzeko sagardoa dastatzen, eta onenarentzat txapela eta garaikurra izango dira. Aurtengoan, baina, berrikuntza bat erantsi diote ekitaldiari: hain zuzen, bertara joaten den jendeak ere aukera izango du bere gustukoen duen sagardoaren aldeko botoa emateko. Publikoaren boto gehien jasotzen dituen sagardoak ere izango du saria. Beste urteetan frontoian egin izan dute txapelketa, baina, aurten, eguraldi ona bada, pilotalekuaren gaineko aldean dagoen dantzalekuan izango da. Larunbatean jokatuko dute txapelketa, urriak 7, 20:00etatik 22:30era bitartean. Hamar euro ordaindu beharko da sarrera, eta sagardoa, pintxoak,  postrea eta kafea sartuko dira prezio horren barruan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide