Xabier Iturria: "Eztabaida sortu nahi dut liburuan jasotakoarekin"

Ane Olaizola 2017ko irailaren 29a

Xabier Iturria, liburuarekin. (Ane Olaizola) Euskal hizkuntzan “autodidaktatzat” du bere burua Xabier Iturriak (Errezil, 1949). Euskaltegietan lan egindakoa da, eta euskara aztertzen aritu izan da urte luzez. 2014an, kitxuari buruzko Hacia una gramatika unificada del Rumashimi liburua kaleratu zuen, Perun, eta hainbat adituren teorietan eta bereetan oinarritutako bigarren liburua osatu berri du orain: Euskal Gramatika Sintaktikoa. Iturriak berak egin du editore lana, eta Elkarrek banatuko du. Zer jaso duzu Euskal Gramatika Sintaktikoa liburuan? Gramatikari buruzko liburu gehienek morfologia izaten dute normalean ardatz. Tradizioz, hala egin izan da beti. Gaztelaniazko liburu asko irakurri dut, eta morfologiari buruzkoak dira horietako gehienak. Generora, aditz irregularretara eta halakoetara mugatzen dira. Nik beste ikuspegi batetik landu dut gramatika. Morfologiak hitza hartzen du oinarri gisa, eta sintaxiak perpausa lantzen du. Perpausa ardatz hartuta, hura osatzen duten barne egiturak aztertu ditut; sintagmak, lexikoa eta fonemak. Perpausaren egituran parte hartzen duten elementuen hierarkia, banaketa, funtzioa, komunztadura edota ezabaketa aztertzea da sintaxiaren eginkizuna. Alde handia dago gramatika morfologia aldetik edo sintaxitik aztertuta. Morfologian, esaterako, ez dituzte funtzioak aztertzen. Alde horretatik, beraz, berezia izan da nire lanketa. Inor gutxik idatzi du horri buruz. Zergatik ez da horrenbeste landu sintaxia? Autore batzuek diote teoria asko egin izan direla sintaxiaren inguruan. Azterketak egiten dituzte, baina, gero, ez dute aplikatzen. Semantikara jotzen dute orduan. Guztiek ahotan dute sintaxia, baina inork ez dio heldu nahi gaiari. Egun, onartzen dugu deduzitu egin behar den axioma dela perpausa. Abiapuntua perpausa da, baina oso gutxik jartzen dute praktikan. Arazoa da morfologiaren tradizio handia dagoela. Euskaltzaindiak esaten du hitzak deklinatzen direla, baina ez da hala, sintaxia da deklinatzen dena. Zergatik heldu diozu gaiari? Hizkuntzari ikuspegi hobea ematen diolako. Autodidakta naiz ni: neure kasa aztertu dut guztia. Sintaxiaren elementu jakin batzuk aztertu ditut, beste guztia landuta dagoelako. Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide