Lagun Onak futbol klubeko emakumeen senior taldea. (Ihintza Elustondo)
Hazi berri bat erein dute Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Sei urteren ostean, senior nesken taldea berreskuratu du Lagun Onak futbol taldeak. Emakumezkoen futbolari bultzada emateko nahia aspaldi agertu zuen klubak, eta helburu horri tiraka etorri da talde berriaren sorrera. Bidea ez da erraza izan, baina eman dute lehen pausoa: taldea sortzea. Orain, ereindako hazi hori ureztatzea tokatzen da.
2011-2012 denboraldian izan zuen azkenekoz senior mailako emakumeen taldea Lagun Onakek. Adina, ikasketak eta kontu pertsonalak gorabehera, jende gehienak futbola uztea erabaki zuen, eta ordutik taldea berreskuratzeko lanetan aritu da kluba, baina ez da nahikoa jende bildu, aurten arte. "Duela sei urte, jarraipenik egon ez zelako desagertu zen seniorren taldea. Orduan, beheko mailetako jendearekin hasi ginen lanean, haiengan ilusioa sortuz, eta pixkanaka-pixkanaka, neska txiki horiek senior bihurtu dira", azaldu du Marcos Villanueva entrenatzaileak. Azkenean, Azpeitiko eta Errezilgo 21 neskak osatu dute taldea; 1992 eta 2001 urteen artean jaiotakoak dira.
Taldekide gehienak txikitatik Lagun Onaken ari dira futbolean, baina badira kide berriak ere. Horietako lau Zarautzetik etorri dira: Izaro Zinkunegi, Naroa Aiertza, Lorea Rueda eta Jone Bastida. Judith Sagardogi Zestoako taldetik etorri da, eta Ainhoa Bereziartua azken senior taldeko kide izan zen, eta berriz futbolean hastera animatu da. Dena den, guztiak aurrez Lagun Onaken jokatutakoak dira.
Helburua: igoera fasea
Denboraldi berrirako helburuez hitz egin du Villanuevak: "Gure lehen helburuak kategoria berrira egokitzea eta igoera fasean sartzea dira". Olatz Erkizia kapitainaren arabera, orain arteko mailetan ez dute igoera fasean sartzea helburu izan, eta horregatik, "motibazio berezia" dute aurten. "Talde nahikoa sendoa eta indartsua osatu dugu, eta denon helburua da denboraldi on bat egitea. Taldea sortu egin dugu, baina ez dugu nahi sortze hutsean geratzea; orain maila ematea tokatzen da".
Maria Sorazu txiki-txikitatik dabil futbolean, eta "ilusio handia" egiten dio talde berriaren sorrerak. "Aurreko urtean ere seniorren taldea osatzekotan egon ginen, eta, azkenean, jubenilena osatu genuen. Jubeniletan ez dago lehia berezirik, eta, aurten, lehia handiagoa izango dugu". Villanuevak azaldu duenez, senior mailan lehiatzeko "talde gaztea" dute, klub askotan "jende helduagoa eta esperientzia handiagoarekin" dagoelako. Halere, taldekideek argi diote: "Ez dugu beldurrik".
Iaz Zarautz Espainiako Bigarren Mailara igo zen, eta talde hori utzi eta Lagun Onakera etortzea erabaki dutenetako bi dira Zinkunegi eta Aiertza. "Bigarren Maila nahikoa exijentea da, bidaia luzeagoak egin behar dira, eta, lehen Lagun Onaken ibili ginenez, itzultzea erabaki dugu. Orain, beste rol bat izango dugu taldean, zaharrenak izango gara, taldeko amonak-edo", azaldu du umorez Zinkunegik. Aiertzak dio futbola beste era batera hartzeko asmoa duela aurrerantzean. "Lehen hiru entrenamendu egiten genituen astero, partidak irabazteko presioa genuen, eta nik, behintzat, ez dut horrela ulertzen futbola". Biek diote "disfrutatzeko" asmoz datozela.
Errioxako egonaldia
Dagoeneko hasi dira futbolariak entrenamenduekin eta denboraldi-aurrearekin. Joan den astean Errioxan (Espainia) izan ziren lau eguneko egonaldia egiten, eta lagunarteko partida bat jokatzeko tartea ere hartu zuten. Ez zuten norgehiagoka irabaztea lortu, baina lau egunetan "oso ondo" pasatu zutela azaldu du Bereziartuak. "Helburua zen taldekideek elkar ezagutzea, eta taldea sendotzea. Nik, berria naizenez, ez nituen taldekideak asko ezagutzen, eta esperientzia ederra izan da, asko balio izan digu". Erkiziaren arabera, "futbola teknikoki lantzeko" baino gehiago balio izan die egonaldiak "harremanak estutzeko". "Lehen ez zeundeten ba nahikoa elkartuta...", bota du Villanuevak barrez.
Larunbatean Mutrikuren aurka beste lagunarteko partida bat jokatuko dute, Mutrikun, eta hilaren 16an, Goierriren aurka, Ordizian. Denboraldiarekin, berriz, hilaren 23an hasiko dira.
Behin lehen pausoa emanda, argi du entrenatzaileak orain lan egitea tokatzen dela. "Aurten taldea sortzea lortu dugun arren, sendotzea nahi dugu. Klubetik jokalari onak eta gazteak badatoz, eta alde horretatik, konfiantza dugu, baina, orain, segi egin behar da. Taldea mantentzea da zailena, eta hori da helburua". Horretarako, sekretu bakarra dagoela dio: "Helburua da neskak ilusionatzea eta segitzeko gogo hori piztuta mantentzea".