Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrek irabazi zuten iaz, Dantza Suelto Txapelketa.
Zaindariaren eguna ospatuz hasi zituzten asteartean
San Antonio festak Errezilen. Txupinazoa bota eta San Antonioren ermitan eta haren bueltan izan zituzten jaietako aurreneko hitzorduak. Gainontzean, astean zehar ez dute festako beste hitzordurik izan errezildarrek, baina bihar hasi eta asteburu guztian zehar hainbat ekitaldi izango dituzte. Azken urteetan, indarra hartuz doan hitzordua da Gazteen Dantza Suelto Txapelketa, eta bosgarren urtez jarraian hainbat neska-mutil oholtzan dantzan ikusteko parada izango da.
Igandean, 12:00etan hasita, zortzi bikote lehiatuko dira dantzan, pilotalekuaren gainaldean jaietarako jarri duten oholtzan, Gaztetandik kultur elkarteak antolatuta. Haietatik bi bikote errezildarrak dira eta beste bi azpeitiarrak. Txapelketako sariei dagokienez, irabazleek txapela, lepo zapia, garaikurra eta dirua jasoko dituzte; bigarren eta hirugarren sailkatzen diren bikoteei, berriz, garaikurra eta dirua emango zaizkie. Gainerako parte hartzaileei garaikur bana eta dietak emango zaizkie.
Hona hemen V. Dantza Suelto Txapelketan parte hartuko duten bikoteen zerrenda:
Julen Labaka eta Janire Labaka (Errezil)
Unax Labaka eta Ekiñe Uzkudun (Errezil)
Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia)
Eki Aizpuru eta Aiora Etxeberria (Azpeitia)
Anaitz Lizartza eta Itziar Bastida (Azpeitia)
Gorka Duran eta Maitane Irurzun (Villabona)
Danel Serrano eta Irati Saizar (Lezo)
Aritz Maiza eta Maddi Bengoetxea (Alegi-Villabona)