Aimar Irigoienek XIV. Etxauriko Harria irabazi du

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 13a

Errezildar harri-jasotzaileak 136,5 kiloko harria 17 alditan altxatuta lortu zuen txapela. Marka horrekin, 2013an berak ezarritako 17 jasoaldiko errekorra berdintzea lortu zuen. Bigarren egin zuen, 14 jasoaldirekin, Jokin Eizmendi zarauztarrak

Aimar Irigoien Etxauriko harria txapelketan. (Hitza) Aimar Irigoienek XIV. Etxauriko Harria Txapelketa irabazi zuen joan den igandean Nafarroako herri horretan. Errezildar harri-jasotzaileak 136,5 kiloko harria 17 alditan altxatuta lortu zuen txapela. Marka horrekin, 2013an berak ezarritako 17 jasoaldiko errekorra berdintzea lortu zuen. Bigarren egin zuen, 14 jasoaldirekin, Jokin Eizmendi zarauztarrak, eta hirugarren izan zen Iban Ugartemendia ernialdearra (10 jasoaldi). Haien ostean sailkatu ziren Avilako Julio Jimenez zortzi altxaldirekin, eta Sergio Mielgo madrildarra bost jasoaldirekin. Txapelketa bukatzean Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan elkarrizketatu zuten Irigoien, eta "gustura" agertu zen egindako lorpenarekin. Izan ere, "bero ikaragarria" eginagatik, "lan polita" atera zitzaiola azaldu zuen errezildarrak. Markaren bila joan edo ez zalantzan ibili zela aitortu zuen harri-jasotzaileak, eta azken minutura arte ondo moldatu bazen ere, azken txanpan "sufritu" egin zuela azaldu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide