Bizitzaz Blai proiektua osatzen aritu diren eragileetako kideak eta norbanakoak. (Julene Frantzesena)
Abiadurari
stop esateko unea iritsi zitzaien duela bi urte Errezilen. Gai tabua zen horren inguruko kezka bazuten ordurako herrian, eta 2015ean hasi ziren abiaduraren arazoari irtenbidea emateko lanean: "Hamar urtean bost errezildar hil ziren errepidean. 2015ean, hiru gazteren hileta izan zenean, zerbait egin behar zela erabaki genuen", azaldu du Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak. Kezka horretatik abiatuta, eta istripuen gaineko datu objektiboak eskuetan, Bizitzaz Blai egitasmoa jarri zuten martxan Errezilgo Udalak, Saiaz Mankomunitateak eta Harremanak osasun zentroak. Eta programa bukatu duten honetan, egindakoaren balorazio "oso positiboa" egin du Agirretxek. "Prebentzio lana egin eta dolua landu dugu. Abiaduraren grina hori apaldu da, eta herritarrek asko eskertu dute egitasmoa".
Abiadurak eta istripuak ez ditu, baina, Errezilgo bizilagunak soilik kezkatzen, eta Bizitzaz Blai egitasmoari heldu diote Azpeitian ere. "Azpeitiko Udalak urteetan izan du kezka, istripu ugari izan direlako, eta herrira ekarri dugu Errezilen hasitako bidea", azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak. Ertzaintzaren datuen arabera, Azpeitiko errepideetan 52 istripu izan ziren 2007 eta 2016 urteen artean.
Elduaienen aburuz, abiadurarekin lotutako gehiegikeriek "gizarte osoari" eragiten diote. Horregatik, eragile desberdinekin hasi dira Bizitzaz Blai proiektua lantzen, hala nola Errezilgo Udalarekin, herriko ikastetxeekin, Azpeitiko Udaltzaingoarekin, osasun arloko profesionalekin, Harremanak zentroarekin, istripuak izan dituzten herritarrekin eta haien senideekin, Stop Istripuak elkartearekin, Ertzaintzarekin eta herriko auto gidari batzuekin.
Hiru adarreko proiektua
Dagoeneko programaren nondik norakoak zehazteko hainbat bilera egin dituzte eragile horietako kideek, eta prest dute herriko ikastetxeetako DBH 4. mailako eta Batxilergoko ikasleekin eta haien gurasoekin landuko duten proiektua.
Apirilaren 4rako prestatu dute lehen hitzordua. Egun horretan istripu baten antzezpena egingo dute Soreasu antzokian. Bi saio izango dira, 10:00etan eta 12:00etan, eta herriko 400 bat gazte bertaratuko dira eszenaratzea ikustera. Halere, saioak irekiak izango dira, eta nahi duen oro joan daiteke antzokira. Saioetan parte hartuko dute istripuetan eskua hartzen duten eragileek eta istripuetako biktimek.
Suhiltzaileek, medikuek nahiz udaltzainek lekukotzak eskainiko dituzte. Horiez gain, testigantzak eskainiko dituzte Jorge del Cid auto gidariak eta Arantxa Lizaso istripua izan zuen gazte baten amak. Lizasok azaldu duenez, semeak istripua izan zueneko bizipenak kontatuko ditu "beharrezkoa" iruditzen zaiolako. Del Cidek ere ildo beretik hitz egin du: "Egitasmo oso interesgarria da; izan ere, gazteei erakutsi behar zaie zer den kalean autoan ibiltzea eta zer kirola. Ea lortzen dugun".
Saioa prestatzen ari diren eragileen artean da Stop Istripuak elkartea, eta hango kidea da Rosa Trinidad. Hark esan duenez, "errepideak dituen arriskuak" erakutsi nahi dituzte saioarekin. "Denok izan gaitezke arau-hausleak edo biktimak. Xedea da gizartea jarrera arduragabeez kontzientziatzea".
Apirilaren 4ko saio horiek igarota, ikastetxeetan helduko diote gaiari. Harremanak osasun zentroko kideek hainbat saio eskainiko dituzte DBH 4ko eta Batxilergoko ikasgeletan. Ondoren, gurasoei zuzendutako solasaldia antolatuko dute, prebentzioan eragiteko. Herriko etxe guztietara eskuorriak banatuko dituzte, eta horietan jasoko dituzte saioaren gaineko xehetasunak.
Harremanakeko kide Ana Elosegik eta beste hiru lagunek gidatuko dituzte ikasleei zuzendutako saioak; bi emakumek eta bi gizonek, hain zuzen. Elosegik garrantzia eman dio xehetasun horri, maskulinitate eredua ere landu nahi dutelako. "Batetik, istripuen inguruko testigantzek ikasleei emozionalki nola eragiten dien jasoko dugu; eta, bestetik, genero rolak landu nahi ditugu. Izan ere, aztertu nahi dugu gazteak zer maskulinitate ereduk bultzatzen dituen ausardia eta abiadura lotzera". Elosegik uste du Bizitzaz Blai proiektuak arrakasta izan duela hezkidetzarekin lotu dutelako: "Istripuen datuak begiratu genituen, eta ohartu ginen hildako gehienak gazteak eta mutilak zirela. Hori ere landu egin behar da".
Elduaien zinegotziak azaldu du herritarren kontzientzian eragin nahi dutela proiektuarekin, eta zehaztu du hastera doazena "abiapuntu bat baino ez" dela. Abiadurari galga jartzen hasteko urratsa egin dute Azpeitian ere, baina jakitun dira epe luzera ere gaia lantzen segi beharko dutela, abiaduraren kultura errotik aldatu nahi bada.
Istripuak zenbakitan
Ertzaintzaren datuen arabera, Urola Erdiko herrietan 129 auto eta moto istripu izan ziren 2007 eta 2016 urteen artean.
- Azpeitia. 52.
- Azkoitia. 42.
- Zestoa. 31.
- Errezil. 4.
- Beizama. 0.