Xabier Orbegozo 'Arria V'.ak marka hausteko saiakera egingo du apirilaren 30ean Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 16a, 18:48

20 kanaerdiko eta 20 kilometroko lasterketa 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundo baino gutxiagoan egiten saiatuko da errezildarra, Joxe Aierbek 1976an jarritako marka hausteko ahaleginean. Azpeitiko zezen plazan izango da erronka, eta gaur sinatu du hitzarmena Excavaciones Peru enpresarekin.

Xabier Orbegozo 'Arria V' eta Felix Perurena hitzarmena sinatu dutenean. (Tolosaldeko Ataria) Xabier Orbegozo Arria V.ak marka hausteko saiakera egingo du apirilaren 30ean Azpeitiko zezen plazan. Joxe Aierbek 1976an Gasteizen aizkoran eta korrikan egindako marka hobetzen saiatuko da errezildarra. Aierbek 20 kanaerdiko ebaki eta 20 kilometro lasterka egiteko 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundo behar izan zituen, eta marka hausteko denbora gutxiagoan egin beharko ditu lanak Arria V.ak. Arria V.ak 2016ko azaroaren 20an KaƱamaresen eta Jauregiren aurkako apustuan 02:12:54 denboran egin zituen lan horiek, eta orduko hartan ez zuen Aierberen marka hobetzerik lortu Tolosako zezen plazan. Afizioa irabazi zuen Arria V.ak, baina apustua irabazterik ez zuen izan. Izan ere, KaƱamaresek eta Jauregik 2 ordu, 12 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko. Arria V.ak Anoetako Excavaciones Peru enpresarekin egin du hitzarmena, eta adostu du marka hausten saiatzeagatik 3.000 euroko diru saria emango diola enpresa horrek aizkolariari. Baldin eta lanak 2 ordu eta 10 minutu azpitik egiten baditu, beste 3.000 euro jasoko ditu. Hitzarmena gaur sinatu dute errezildarrak eta Felix Perurena enpresaren ordezkariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide