Saiaz mankomunitateko eguneko zentroetako erabiltzaileak, langileak eta mankomunitateko udal ordezkariak, furgoneta berriarekin. (Ataria.eus)
Otsailaren hasieratik martxan dago Saiaz Mankomunitateko eguneko zentroetarako furgoneta berria. Atzo aurkeztu zuten, Bidania-Goiazko eguneko zentroan. Bertan izan ziren eguneko zentroko erabiltzaileak, zein Saiaz mankomunitateko udalerrietako ordezkariak eta mankomunitateko langileak.
Saiaz mankomunitatea Albiztur, Bidania-Goiatz, Beizama eta Errezil herriek osatzen dute, eta bertako lehendakaria da Agurtzane Zelaia, Bidania-Goiazko alkate-ordea. "Furgonetak asko suposatzen du guretzat", esan du Zelaiak. "Egunero-egunero zerbitzu on bat eta kalitatezkoa ematen du. Aurreko furgonetak hamar urte egin zituen, eta dagoeneko ez zegoen erabilgarri". Saiaz mankomunitateak ordaindu du osotasunean furgoneta, 55.000 euro inguruko kostua izan duena. "Azkenean esfortzu handi batekin lortu da furgoneta berria ekartzea", gaineratu du Zelaiak. Erein programari diru laguntzak eskatuta dituzte kostuari aurre egiteko.
Elena Rikondo Saiaz mankomunitateko gizarte langilea pozik azaldu da furgoneta berria dagoeneko martxan dagoelako: "Urte asko daramatzagu borrokatzen furgoneta berria izateko. Oso pozik gaude horregatik, izan ere, ezinbestekoa da baliabide hau gure eguneko zentroetako zerbitzurako". Rikondok gaineratu duenez, "gidariari beste funtzio batzuk eskatzen dizkiogu. Gidatzeko ahalmen ona eta ingurua ondo ezagutzeaz gain, oso garrantzitsua da kontuan izatea etxeetara joaterakoan zenbait egoera gogor gertatu daitezkeela. Gertatu izan da, bila joandako pertsonetako batek bihotzekoa izan duela topatzea. Momentu horretan gidaria da mugitu behar dena, abisuak eman behar dituena".
Irakurri albiste osoa eta ikusi argazki gehiago
Ataria.eus webgunean.