ARGAZKI BILDUMA: Santa eskean dabiltza hainbat talde Azpeitian, Errezilen eta inguruetan

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 4a

Santa eskearen usadioari heldu zioten atzo eskualdeko hainbat ikastetxetako ikasleek atzo, eta gaur ere animatu da kantura eta eskera hainbat talde. Ohiturari jarraituz, 08:30ean hasi dira kantuan Matxinbentako bizilagunak. Santa Ageda festak ari dira ospatzen auzo horretan, eta egitarauarekin bat eginik, auzoz auzo dabiltza hainbat lagun Laja eta Izer trikitilariek eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Iban Urdangarin bertsolariek lagunduta. Besteak beste, Loiolako, Izarraitz inguruko eta Sistiaga Errekako hainbat baserri bisitatu dituzte, eta eguerdian Azpeitiko hainbat tokitan aritu dira eskean. Auzora iluntzeko 23:00k inguruan iritsiko da taldea. 2017ko Santa Ageda jaiak atzo hasi zituzten Matxinbentan, auzoko tabernan jokatu zen mus txapelketarekin. Gaur, arratsaldean, berriz, Ekain Ibargurenek Ekain Txou ikuskizuna eskainiko du, 17:30ean, eta, ondoren, txokolatada egongo da bertaratzen direnentzat. Horrez gain, arratsalde osoan zehar haurrentzat puzgarriak egongo dira. Gauean jarraituko dute festarekin; izan ere, bertso afaria izango da Iker Zubeldiarekin eta Beñat Lizasorekin. Ondoren, erromeria egingo dutee Lidia Irigoien eta Xabier Etxaniz trikitilariekin. Festak amaitzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute biharko. Goizean, goiz eresia izango da txistulariekin eta 11:00etan meza, Azpeitiko jubilatuen koruarekin. Ondoren, itxulapiko puskatzea. 11:45ak aldera pilota partidak izango dira Azpeitiko Ilunpe elkarteko pilotariekin. 12:30ean herri kirolen txanda izango da: Otaño eta Julen Alberdi Txikiya IV.a aizkolariak egurra mozten arituko dira eta harri jasotzen Mendibil eta Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a Behin herri kirolak bukatuta, Matxinbentako otarrearen zozketa egingo dute. Egun osoan zehar Itzeder eta Txibilter trikitilariek alaituko dute giroa auzoan. Matxinbentarren santa eskeko eta atzoko mus txapelketako irudiak Uztarria.eus-en ikus daitezke. Bestalde, Errezilgo Letea eta Ibarbi bailaretan ere santa eskean dabiltza zenbait herritar. Maiatzaren 7ko herri galdeketa antolatuko duen Aiazi elkartearentzat izango da eskean biltzen duten dirua. Hainbat lagun dabiltza baserriz baserri kantuan, bertsolariek lagunduta. Hona hemen, Errezilgo santa eskeko irudi batzuk:  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide