Errezil Uemako kide da berriz ere

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 14a

Bost udalerri berrietako ordezkariak, batzar nagusiak Uemako kide onartu ondoren. (Uema) Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egin du goizean Larrabetzun (Bizkaia), eta besteak beste Errezil batu da hara. Errezilenak ez ezik, Larrabetzuko, Ataungo, Mendaroko eta Areatzako udalen eskaerak onartu dituzte udalerri euskaldunetako hautetsiek, eta modu horretara batu dira ofizialki mankomunitatera. Horrez gain, iazko egitasmoaren balantzea egin dute, eta aurtengoa onartu. Bost udalerri batuta, inoiz baino udal gehiagok osatzen dute egun Uema; 82k, hain zuzen ere. Urola Kostan, 11 herrietatik bederatzi dira hango kide: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Uemak emandako datuen arabera, Errezilen herritarren %92a da euskalduna. Errezilgo Udalaren iritziz, "arnasgune izaerako herri askotan gertatzen dena gertatzen zaigu guri ere: euskaldunak garela eta ustez euskaraz funtzionatzen dugula. Beraz, ez diogu aparteko arretarik jartzen euskara zaintzeari. Baina seguru txikikeria askotan egin dezakegula zerbait, eta Uemak eskain dezakeen laguntza teknikoa erabakigarria izango da horretarako, bai udala eta bai herritarrak euskaraz bizi ahal izateko". Azaroan onartu zuen Errezilgo Udalak Ueman sartzea, aho batez. Mankomunitatea sortu zuten herrietako bat izan zen Errezil, baina 1990eko hamarkada amaieran atera egin zen, diru kontuengatik. Orain, bigarrenez egin du bat mankomunitatearekin. Larrabetzun egin duten batzarrean, mankomunitatera batu diren udalek esker onez hartu dute haien onarpena. "Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk, baina Euskal Herririk gabe euskararik ere ez", nabarmendu dute. Aurtengo egitasmoei dagokienez, "ohiko ildoen barruan" lanean jarraitzeko hiru urrats azpimarratu dituzte: udalerri euskaldunen "lurgunea" zabaltzea, udalek eta udalerriek euskalduntzeko ekimenak areagotzea eta udalerri euskalduntzen "zaintzarako" neurriak sendotzea. Era berean, aurten beste 10 bat herri gehitu daitezkeela iragarri du Josu Labaka Umeako lehendakariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide