Errezilen ere maiatzaren 7an egingo dute herri galdeketa

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 14a

Eskualdean egingo duten Euskal?Herriaren estatus politikoari buruzko galdeketaren olatura igoko da Errezil ere. Errezilgo herri galdeketa antolatzen ari den Aiazi taldeak atzo erabaki zuen han ere maiatzaren 7an egingo dutela galdeketa, Aizarnazabal, Azkoitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiarekin batera. Halaber, herritarrek erantzungo duten galdera ere berdina izango da: Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra? Taldeak adierazi duenez, galderari berari baino parte hartzeari eman nahi diote garrantzia, eta galdeketak ahalik eta erantzun handiena izan dezan erabaki dute eskualdeko olatura batzera. Data eta galdera zehaztuta, sinadurak biltzen hasiko dira orain. 90 sinadura lortzea nahikoa dute galdeketa egin ahal izateko, baina taldeak herritar gehiagorengana iristea du helburu. Hala, etxez etxe hasiko dira sinadurak bildu eta informazioa ematen. Herrian ere mahaiak jarriko dituzte horretarako; urtarrilaren 27an, esaterako, Borondegi aurrean egongo dira, egun horretan pintxo potea izango dela aprobetxatuta. Otsailaren 5ean eta 12an, berriz, mahaia jarriko dute goizez, dendan. Izan ere, jai goizetan herrian giroa egoten dela gogoratu dute. Santa Eskean ere ateratzeko asmoa dute, baserriz baserri joango dira galdeketaz informatzen eta sinadurak biltzen. Behin sinadurak bilduta, atxikimenduak lortzen hasiko dira, eta maiatzera bitartean, hilean behin, ekintzaren bat antolatzea aurreikusten dute. Atzo egin zuten bilera dozenatik gora lagunek Borondegin, eta hurrengoa urtarrilaren 25ean egingo dute, 19:00etan, leku berean. "Gogoarekin eta lanerako prest" dauden herritar guztiak gonbidatu dituzte taldean parte hartu dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide