Errezil Uemara batuko da larunbatean

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 11

Agerraldia egin zuten atzo Uemara batuko diren bederatzi kidek eta Josu Labaka mankomunitateko lehendakariak. (Uema) Uemak (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) batzar nagusia egingo du larunbatean, Larrabetzun (Bizkaia), eta bertan bost udal berri batuko dira; tartean, Errezil. Hala, guztira 82 udalerrik osatuko dute, "guztira 240.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz". Errezil batuta, Urola Kostan, Azkoitia eta Aia ezik, gainontzeko bederatzi udalerriak izango dira Umeako kide. Agintaldia hasi zenetik, bederatzi udal sartu dira Uemara. Horiek eta Josu Labaka Uemako lehendakariak agerraldia egin zuten atzo, eta bertan izan zen, besteak beste, Errezilgo alkate Xebero Agirretxe. "Urte garrantzitsua" izango dela nabarmendu zuten agerraldian: "Adostasunaren bidetik UEMAk hazten jarraituko du batetik, eta arnasguneen aitortza zein babesa lortzeko jorratu beharko diren bideak sendotzeko urtea izango da bestetik". Era berean, Labakak adierazi du 2017rako "aurreikuspen ederrak" dituztela, beste udalerri batzuk ere erakutsi baitute Uemako kide izateko "gogoa". "Horiekin ere ari gara bilerak egiten, ahalik eta adostasun zabalenarekin har dezaten erabakia, iraunkorra izan dadin".      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide