Aimar Irigoien, atzoko saioan. (Ibon Errazu)
Aimar Irigoien (Errezil, 1986) harri-jasotzailea nagusitu zen atzo Asteasun egin zuten
Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan. Zortzigarren aldiz jantzi du txapela, 66 jasoaldi eginda. "Lan polita" eginda, gustura dago emaitzarekin.
Nolako saioa izan zen atzokoa?
Txapelketa polita izan zen. Alde batetik, bost partaide izanik, saio bete-betea izan zen. Gainera, bi partaide berri izan ziren: Imanol Illarramendi
Kortaberri eta Jon Unanue
Goenatxo III.a. Nik uste bere xarma bazuela horrek. Gure aldetik, lan polita egin genuen. Oso gustura geratu nintzen egindakoarekin.
Azkenaldian isilik sumatu izan zaitugu. Sasoiko zaudela berresteko proba izan al da?
Azken bi urteetan ez nuen parte hartzerik izan, 2014ean apustu batengatik eta iaz min hartuta nengoelako. Dagoeneko jendea ari zen galdezka ea Aimar non zebilen. Aurten, lan txukun bat egiteko aukera izan dugu, eta garbi geratu da oraindik geure mailan gaudela. Juan Jose Unanue
Goenatxo II.aren marka gainditu dugu hirugarren aldiz, eta Goenatxo zein izan den jakinda, haren marka gainditzeko lan ona egin behar dela uste dut.
Nola ikusten duzu zure burua?
Antzeko nago. Atzokoa seigarren txapelketa nuen, eta bost txapel jantzi ditut. Bestean bigarren geratu nintzen. Horrek guztia esaten du; ia bi hilabetetan txapelketa bat egitea. Beraz, sasoiko nagoela argi geratu da. Lehengo goren-gorenean ez nagoen arren, urtea nahiko ondo pasatu dut. Atzoko bukaera honetan, neure marka onenetik bi altxaldira geratu naiz. Uste dut berriz nire puntuan eta nahiko ondo nagoela.
62 altxalditan duzu errekorra, eta 60 egin zenituen atzokoan. Marka haustera atera al zinen?
Ez. Ez naiz prestatu marka hausteko. Nire buruarekin ondo egonda, lan txukuna egitera joan nintzen, eta horixe atera zen, errekorrarekin batere pentsatu gabe.
Aurrera begira, zer duzu buruan? Erronkarik, aposturik... egiteko asmorik ba al duzu?
Orain, santomasetan erakustaldia egingo dut Azpeitian, eta Gabonak familia giroan gozatuko ditut. Aurreko hilabete eta erdi prestatzen ibili naiz, eta ordu batzuk kendu dizkiot familiari. Beraz, orain lasai ibiliko naiz. Momentuz, ez dut aposturik eta halakorik egiteko ezer buruan.