Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan txikitatik kontzientzia sortu nahian ari dira Errezilgo eskolan, eta, horregatik, kros parekidea egin dute gaur arratsaldean herrian. Bihar Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna da, eta, horren harira antolatu dute lasterketa, lehen aldiz, LH5 eta LH6 mailetako ikasleek. Hain zuzen, honako hauek dira antolatzaileak: Naroa Ezama, Eñaut Agirre, Maddi Agirre, Mara Agirre, Unax Aizpuru, Oihan Ezama, Mikel Ezama, Iker Iglesias, Lur Iurrebaso, Amets Irulegi, June Oiartzabal eta Eritz Rodriguez.
Argi adierazi dute zergatik antolatu duten kros mistoa: “Lasterketetan ateratzen diren gehienak gizonezkoak izaten dira. Emakume oso gutxi ateratzen dira, eta emakumeak animatzeko, kros mistoa egitea pentsatu dugu”. HH4tik LH6ra bitarteko ikasleek parte hartu dute. Neska-mutilez osatutako 26 bikote inguru atera dira, eta txikienek helduenekin osatu dituzte bikoteak. Ikasleen ostean, irakasleen txanda izan da.
350 metroko ibilbidea egin dute, eskola aurrean hasi eta bukatu dena. Ondoren, merienda izan da parte-hartzaile guztientzat. Den-dena ikasleek antolatu dute, eta merienda ere haiek prestatu dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, "oso gustura" ibili dira guztiak.
Hona hemen arratsaldeak hartutako irudi batzuk:
(Argazkiak: Manex Beristain)