Errezil sagarra izango da azokako protagonista. (Nerea Uranga)
Errezil sagarraren festa ospatuko dute aurten ere Errezilen. Aurtengoan astebeteko "egitarau oparoa" antolatu dute, eta ostiralean, hilak 25, emango diote hasiera. Abenduaren 4a bitartean luzatuko da, eta egun horietan hainbat egitasmo egingo dituzte.
Hain zuzen ere, Errezil sagarrarekin egindako pintxo potearekin ekingo diote asteari ostiralean. 19:00etatik aurrera egingo dute poteoa herriko tabernetan eta elkarteetan. Igandean, berriz,
Ibarbia-sagarra Errezilen liburuaren aurkezpen herrikoia egingo dute Borondegin, 11:00etan. Iñaki Iurrebasok idatzi du liburua, eta 2015ean herriko baserrietan egindako Errezil sagarraren inguruko inkesten emaitzak islatzen ditu. Asteartean, 19:00etan, Borondegin sagar dastaketa komentatua egingo dute Aitor Etxeandiaren eta Iosu Osaren eskutik. Amaitzeko, abenduaren 4an, ohikoa den Errezil sagar azoka egingo dute. Bertan, egitasmo desberdinak egingo dituzte.
Urola Gustagarrik bat egin du Errezil sagarraren astearekin
Urtero bezala, Urola Gustagarrik bat egin du Errezilgo Errezil sagarraren astearekin. Hirugarren urtez, bertako sagarrarekin egindako errezeten eskuorria kaleratuko du, eta, bertan, sagar horrek sukaldean dituen hainbat aukera islatu dituzte. Errezeta-liburu labur hori, abenduaren 4ko azokan egongo da eskuragarri, eta, horrez gain, eskualdeko turismo bulegoan eta erakunde berak parte hartzen duen turismo azoka desberdinetan banatuko da.