Pasa den asteburuan San Martin festak ospatu zituzten Errezilen. Hiru egun ibili ziren festan murgilduta, eta, euriari aurre eginez, giro onean ospatu zituzten jaiak. Horren harira eta festei jarraipena emanez, Jubilatuen eguna antolatu dute datorren iganderako, hilak 20.
10:00etan emango diote hasiera Jubilatuen Egunari San Martin parrokiko mezarekin. Hori amaitutakoan, 11:30ean, haurren krosa egingo dute, eta, horren ondoren, helduen II. Kros Mistoa jokatuko dute. 14:00etan, berriz, jubilatuen bazkaria egingo dute Borondegin, trikitilariek eta bertsolariek lagunduta.
II. Kros Mistoa
Iaz egin zuten aurreneko kros mistoa Errezilen, eta, antolatzaileak emaitzarekin gustura gelditu zirenez, bigarren aldiz antolatu dute. Aurten ere 5,5 kilometroko lasterketa izango da, eta Goiko Plazatik abiatuko da, 12:00etan.
Aurtengo edizioa, gainera,
I. Kros Misto Txapelketaren barruan kokatuta dago, eta,
Azpeitikoaren ondoren, ligako bigarren lasterketa izango da.
Hirugarrena eta azkena, Zarautzen izango da, abenduaren 4an. Izena eman daiteke
www.herrikrosa.eus edota Helmuga Kirolak dendan.