(E. Albizu Lizaso)
Datorren igandean aizkora eta korrika uztartzen dituen apustua jokatuko du Xabier Orbegozo
Arria Vk (Errezil, 1977) Julen Kañamaresen eta Arkaitz Jauregiren aurka. 12:00etan izango da erronka Tolosako zezen plazan, eta parte-hartzaileek 54 ontzako 20 enbor moztu eta 20 kilometro korrika egin beharko dituzte. Hain zuzen ere, zezen plazari 200 bira eman beharko dizkiote. Bikotearen kasuan, hamarna enbor moztuko dituzte jarraian, eta bakoitzak 10 kilometro lasterka egingo ditu.
Nondik nora irten du erronka honek?
Beraiek niri bota zidaten erronka. Aurretik izanda geneukan ika-mikaren bat-eta... Martxoaren 5ean Tolosako Kantabriko tabenan elkartu ginen, eta jokoa itxi genuen, duela 8 hilabete.
Prest al zaude?
Bai, bai. Hilabete hauetan lehertzeraino aritu naiz. Oso-oso gogorra izan da, baina jada igandea iristeko gogotsu nago. Ondo ikusten dut nire burua, eta jokatzeko gogoa daukat. Gainera, azken entrenamenduak onak izan dira, eta hori garrantzitsua izaten da.
Zerri diozu errespetu gehiago korrika egiteari edo enborrak mozteari?
20 egur ebakitzea lan gogorra da, baina hori bakarrik izanez gero apustu ederra litzateke. Zezen plazan 20 kilometro lasterka egitea, berriz, lan ikaragarria da. 200 itzuli egin behar dira, eta oso sasoiko egon behar da hori egiteko. Ez da errepidean edo atletismoko pistan lasterka egitea bezala, zezen plazan askoz gehiago behartzen da gorputza. Han korrika egiteak errespetu handia ematen dit. Errespetu handiena, ordea, biak bata bestearen jarraian egiteak ematen dit. Guztiz aurkako esfortzuak dira, eta biak uztartzea eta denean azkar ibiltzea da zaila.
Nola prestatu zara 200 itzuli emateko zezen plazari?
Hasieran errepidean ibili naiz korrika; normal entrenatu dut. Gero, Errezilen baserrian badaukat 100 metroko itzuli bat eginda entrenatzeko, baina ezin da han egunero entrenatu, muskularki ikaragarri txikitzen zaitu-eta. Noizbehinka entrenatu naiz han plazan lasterka egiteko konfiantza hartzeko.
Nor da faboritoa?
Niri faborito nor den ez zait axola. Apustu makinetan-eta dirua uste dut nire alde dagoela, baina horrek ez du ezer esan nahi. Bi orduko lan batean ezinezkoa da iragarpena egitea. Ziztako bat edo edozer gauza pasatu daiteke. Faborito ni izateak ez dit loa kentzen.
Ikusleek zenbat ordaindu beharko dute erronka ikusteko?
Sarrera 40 edo 50 eurotan jartzeko asmoa geneukan, apustu luzea eta gogorra delako. Baina, azkenean 35 euro balioko ditu. Gazteak erronka ikustera anima daitezen jarri dugu prezio hori, jaitsi egin dugu. Zaharrak asko joaten dira horrelakoetara, baina gazteak ez. Hori aldatu nahi dugu.
Aurten beste erronkarik izan duzu?
Ez, aurten ez dut besterik egin. Erakustaldi batzuk egin ditut, baina ez dut horrelako beste apusturik egin. Pasa den urtean bi jokatu nituen, baina aurten aurrenengoa hau izango dut. Hain bizia eta hain gogorra izan da ez dudala aurrera begira beste ezertan pentsatu. Hau pasatu eta gero gerokoak.