Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hamalau ekoizlek hartuko dute parte txapelketaren laugarren edizioan. 20:00etan hasiko da sariketa. Sagardoa eta pintxoak dastatzeko aukera izango dute herritarrek 10 euroren trukean.
Bihar, urriak 1, laugarren urtez jarraian ospatuko dute Errezilgo Sagardo Txapelketa Herrikoia. Gaztetandik Kultur Elkarteak antolatu du, eta herriko pilotalekuan egingo dute. 20:00etan hasi, eta 22:00ak ingurura arte luzatuko da.
Hiru epaile izango dira irabazlea aukeratzen. Iosu Galarraga Gaztetandik Kultur Elkarteko partaideak adierazi duenez, aurtengoan ez dute herritarrik izango epaile lanetan: "Iaz herritar bat ibili zen, baina askatasun gehiago izan nahi zuen, eta, aurten, ez du parte hartuko". Hark jakinarazi duenez, iazko epailerik ez da etorriko aurten: "Errezilen epaile berriak izango dira, baina beste sagardo txapelketetan ibilitakoak".
Epaileez gain, ordea, gainontzeko herritarrek eta bisitariek ere aukera izango dute lehiaketako sagardoak dastatzeko. Horretarako, 10 euro ordaindu beharko dute sarrera. Sagardoaz gain, pintxo desberdinak eta kafea ere jarriko dituzte antolatzaileek. Izan ere, "jendea arratsalde pasa edo afari aurrekoa egitera etorri ohi da", azaldu du Galarragak. Ekitaldirako txartelak pilotalekuan bertan erosi beharko dira, txapelketa hasi baino lehen.
Hamalau ekoizle
Herriko baserrietako hamalau ekoizlek hartuko dute parte edizio horretan, iaz baino bat gutxiagok. Hala ere, antolatzaileak «pozik» daude parte-hartzaile kopuruarekin. «Badakigu hemen inguruan sagardogile gehiago badirela, baina guztiek ez dute edaria ekartzeko modurik. Gainera, urtero sagardoa ere ez da nahi bezalakoa irteten eta...», adierazi du Galarragak. «Herri giroko festa izaten da, eta ekoizleak gustura etortzen dira sagardoa erakustera».
Iaz "100 pertsona inguru"?izan ziren ekitaldian, eta aurten ere "horrelako zerbait" aurreikusten dute: "Eguraldiak ere eragina izaten du pertsona kopuruan, eta hori ez dago gure esku". Joaten direnak joanda ere, "giro onean" ospatuko dutela dio Galarragak.
Aldaketarik ez
"Aurten ez dugu aldaketa berezirik egin, lehengo urtekoa bezalako txapelketa izango da. Jateko, beti bezala, patata tortilla, txorizoa eta hirugiharra jarriko ditugu", aurreratu du.
Iaz udazkenera atzeratu zuten txapelketaren eguna, eta "ondo joan zela" dio. "Ordura arte, udaberrian egiten genuen lehiaketa, eta ekoizleek goizegi zela esan ohi ziguten", azaldu du Galarragak. "Orain, iazko denboraldiko sagardoa ekartzen dute baserritarrek. Udaberrian, ordea, guztiz ondu gabe izaten zen oraindik".