(Nekane Zinkunegi)
Adin guztietako herritarrentzat ekintzak prestatu dituzte Errezilen, uda giroan sartuta, guztiek goza dezaten datozen egunetako ekitaldiekin. Larunbatean bertan Vianara (Nafarroa) egunpasa antolatu du Guraso Elkarteak. Urtero bezala, Gabonetan gabon-eskean bildutako dirua bideratuko dute bigarrengoz Vianako igerilekuetara joateko. Aurreko urteetan, Garesera (Nafarroa) joaten ziren, baina aldatzea erabaki zuten orain bi urte.
50 bat lagun elkartu ziren joan den Gabonetan baserriz baserri kantatzeko. Aspaldiko ohitura da Errezilen irabazi horiek herrian banatzea ondoren. Izan ere, Vianara antolatutako ibilaldian parte hartzeko ez da beharrezkoa gabon-eskean parte hartzea. Irteeran parte hartzeko interesa dutenek gaur dute izena emateko azken eguna, eta dendan dute orria eskuragarri.
Erretiratuen egunpasa
Datorren asteburuan, berriz, Errezilgo erretiratuek hartuko dute lekukoa. Orain sei urte hasi zen udala ekintza hori antolatzen, eta ordutik hainbat irteera egin dituzte. Uztailaren 23an, larunbata, Donostiako Aquariuma bisitatuko dute, mokadutxoa egiteko aprobetxatuta. Udalak zabaldu du mezua jada, eta datozen egunetan izango dute herritarrek izena emateko aukera.
Horrez gain, eta hurrengo egunerako, emakumeen futbol partida antolatu du Auzo Etxeak, hirugarrengoz. Ekain bukaeran ireki zuten izen-ematea, eta hil honetan zehar bildu dira futbolean aritzeko, izan ere, horixe da helburua: emakumeen kirola sustatzea eta elkarren arteko harremanak sendotzea. 17 eta 46 urte arteko hamabost emakume daude taldean.
Datorren igandeko partida arratsaldez da, eta, ondoren, pintxo-potea egiteko aprobetxatuko dute.