Bi mediku erdaldunek egingo dituzte udako ordezkapenak Azpeitian eta Errezilen

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko uztailaren 7a

Azpeitiko anbulatorioak adierazi du saiatu direla mediku euskaldunak lortzen, baina "oso zaila" dela udako ordezkapenetan. Azpeitiko eta Errezilgo udalek, Uemak eta Natulek sendagile euskaldunak eskatu dituzte.

Azpeitiko anbulatorioa (Olatz Prat/Hitza). Familia medikuen ordezkapenak egiteko bi mediku erdaldun izango dira Azpeitiko anbulatorioan iraila artean, baita Errezilen eta Urrestillan ere. Haietako batek hiru hilabeteko kontratua du, eta Azpeitiko anbulatorioan egoteaz gain, Errezilera eta Urrestillara ere egiten ditu bisitak. Beste sendagileak aldizkako ordezkapenak egiten ditu. Bi horiez gain, beste mediku erdaldun batek pediatra bat ordezkatu du, bi astez, ekainean. Ana Errasti Azpeitiko anbulatorioko ordezkariak HITZAri jakinarazi dionez, badakite "oso garrantzitsua" dela Azpeitian lan egingo duten medikuek euskaraz jakitea, eta aurten ere, "saiakera" egin dute. "Oso konplikatua da udan mediku euskaldunak lortzea; izan ere, guk ez dugu eskumenik horretarako. Zerrendatan duten puntuazioaren arabera, beraiek aukeratzen dute nora joan; eta, oro har, Donostialdera edo Zarautz ingurura jotzen dute gehienek", azaldu du Errastik. Beraien aldetik, nabarmendu du saiatu direla "kontratu erakargarriak" eskaintzen, mediku euskaldunek Urola Erdira joateko aukera azter dezaten: "Guk beti eskatzen ditugu mediku euskaldunak, baina oso zaila da egoera udan".
"Kezka eta ezinegona"
Azpeitiko eta Errezilgo udalek, Uemak eta Natul Azpeitiko euskara elkarteak ohar bateratua kaleratu dute gai horren inguruan. "Kezka eta ezinegona" adierazi dute egoera dela-eta. Erakunde eta eragileek Osakidetzari eskatu diote orain arteko erabakiak "berrikusteko", eta lanpostu horietan mediku euskaldunak jartzeko. Haien eskaerarekin bat egin du Segurako Udalak ere; izan ere, arazo bera dute han. Herritarren hizkuntz eskubideei erraparatu diete, eta nabarmendu dute administrazio publikoak "muzin" egin diola zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen "betebeharrari". "Osakidetzak ez ditu kontuan herritar euskaldunak, ezta gure herrietako errealitate soziolinguistikoa ere", adierazi dute. Hizkuntza zerbitzuaren kalitatearekin lotu dute: "Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi zuen bezala, osagile eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko, funtsezkoa da hizkuntza. Hori kontraesankorra da hartutako erabakiekin".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide