Giro onean igaro zen joan den urtean Azkoitiko duatloi herrikoia. (Ana Abarisketa)
Azkoitiko Triatloi Taldeak III. Duatloi Herrikoia antolatu du hilaren 15erako. Kirol proba herrikoia ostiralez jokatuko da, 19:00etan, herriko plazatik hasita. Bederatzi kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, eta aurreko urteko ibilbide bera izango du: bi kilometro korrika, sei bizikletan eta azken kilometroa berriz ere korrika. Proban parte hartu dezakete Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo kirolzaleek, saio azkar bezain ederrean lehiatzeko.
Urtez urte gora egin du duatloi herrikoiko parte-hartzaile kopuruak. "Kirol pixka bat egiten duen edonork egin dezake proba hau", dio Aitor Benitez
Tertzio triatloi taldeko kideak. Joan den urtean 69 lagunek parte hartu zuten proban, horietatik zazpi emakumeak. Orain hiru urte, aurreneko aldian, uste zutena baino jende gehiago batu zen lasterketara, 61 lagun guztira, horietatik zazpi emakumeak. Eta aurten ere kopuru horien bueltan ibiltzea gustatuko litzaieke antolatzaileei.
III. Duatloi Herrikoian hiru lagunez osatutako taldean parte hartzeko aukera ere egongo da, horixe da aurten berria. Hala, norbanakoen denborak zenbatzeaz gain, taldeko kideena ere kontuan hartuko da, eta saria jasoko dute mutilez eta neskez osatutako lehendabiziko taldeek, banakako irabazleez gain. Berritasun horrekin neska kuadrillen parte-hartzea sustatu nahi du Azkoitiko Triatloi Taldeak.
Izena ematea, egunean
Kirol saioan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman ahal izango dute izena, eta ez aurretik. 17:00etatik 18:30era bitartean izango da hori plazan bertan, bost euro ordainduta. Kaskoa erabiltzea ezinbesteko baldintza izango da, eta mendiko bizikletarekin irtetea posible da. Bestalde, ezingo dute parte hartu triatloian federetuta daudenek. Hala, federatuta egon ez arren, mendizale, korrikalari edo txirrindulari oro batuko ditu aurtengo proba herrikoiak, beste behin.
Beste nahitaezko baldintza da Azkoitian, Azpeitian edo Errezilen erroldatuta egotea. Izan ere, duatloia izatez herrikoia bada ere, hiru udalerrietako kirolariak daude Azkoitiko Triatloi Taldean, eta horrexegatik zabaltzen dute partaidetza.
Behin bederatzi kilometroko lasterketa amaitu ostean sariak eta hainbat zozketa banatuko dituzte.