Lizarra hartu dute azpeitiarrek

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko ekainaren 21a

Lizarrara joan ziren gidari azpeitiar eta errezildarrak eta haien laguntzaileak. (Laura Gomez) Sei azpeitiar eta errezildar batek parte hartu zuten Lizarrako karting lasterketan, igandean, eta azpeitiarrek osatu zuten podiuma nafarroako udalerrian. Jokin Aiertza izan zen lehena; bigarrena, Jon Alberdi Xaku eta hirugarren lekuan bukatu zuen Josu Beristainek. Haiekin batera izan ziren karting proban Eneko Agirretxe errezildarra eta Arkaitz Albizuri, Jon Sorozabal eta Xuban Urbieta azpeitiarrak. Jokin Aiertza gidari azpeitiarra. (Laura Gomez) 1,1 kilometroko zirkuitua egin zuten, eta ibilbide dibertigarria izan zela esan dute parte-hartzaileek: bihurguneekin, zuloekin eta koskekin. Denera, 30 lagunek parte hartu zuten lasterketan, eta hamar aritu ziren KZ 125 mailan, hau da, igandeko mailarik altuenean. Gidariekin batera, han izan ziren beste azpeitiar batzuk ere, prestaketa lanetan laguntzen eta animatzen.

Azpeitiko proba uztailean

Azpeitiko karting proba ere hurbiltzen ari da. Uztailaren 23an jokatuko dute Perez Arregi plazaren eta Damaso Azkue auzoaren inguruan. Bederatzi urteko geldialdiaren ostean, 2014an berreskuratu zuten erakustaldia, eta aurten egingo dute hirugarren aldiz. Kartingeko hiru mailak parte hartuko dute: 125 kanbiodunek, KZ 125ek eta kadeteek. Motor txikiak izango ote diren ez dakite oraindik. Bazkalostean hasita jarriko dute giroa herrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide