Errezilgo zerbitzuen inguruko inkestaren inguruko balorazioa banatu dute jada etxez etxe. Proposamen ugari jaso dituzte, eta balorazio «oso ona» egin du udalak.
Herriguneko zerbitzuen inguruko galdetegia jarri zuen martxan Errezilgo EH Bilduren Udal Gobernuak joan den martxoan, eta jaso dituzte jada bizilagunen proposamenak. Herriko zerbitzu, saltoki eta halakoak hobetzea eta haien garapenean laguntzea du helburu erakundearen egitasmoak. Iñaki Yurrebaso soziologoak lagundu zien galdetegia prestatzen, eta hura izan dute bidelagun emaitzak sailkatzeko ere.Errezilgo Udala «oso gustura» dago herritarren aldetik jasotako erantzunarekin. Nekane Zinkunegi zinegotziak azaldu duenez, «parte hartze ariketa eredugarria» izan da egitasmoa. Guztira, 166 galde sorta jaso dituzte erantzunda, beraz, 16 urtetik gorako herritarren heren batek baino gehiagok erantzun dute. Adin tarteari dagokionez, hemezortzi lagun izan dira 16 eta 29 urte artekoak; berrogeita hamaika 30 eta 44 urte artekoak; berrogeita hamazazpi 45 eta 59 urte artekoak; eta hogeita hemezortzi 60 urtetik gorakoak. Bi lagunek, berriz, ez dute beraien adina zehaztu.
Etxez etxe banatu du udalak inkestaren balorazioa. Informazio zehatza Errezilgo Udaleko webgunean eskuratu daiteke: Errezil.eus.
Lan ildoak zehaztuta
Herritarren balorazioa kontuan hartuz, «aurrera begirako lan ildoak» martxan jartzeko aukera ere eskaini dio udalari inkestan jasotako erantzunak. Hala, datorren ikasturteari begira proposamen batzuk garatzen hasi da jada udala. Beste eskakizun batzuk, berriz, Aldundiaren edota Jaurlaritzaren eskumenak dira, eta horiekin biltzen ari dira.
Inkestari begira, eskaera asko jaso dituzte herrian kirol instalazio baten beharra dagoela aipatuz. Hori dela eta, halako azpiegitura bat izateak herriaren «biziberritzea» ekar dezakeela uste du Zinkunegik. Ikasturte berriari begira, Auzo Etxeko areto bat bideratu nahi dute gimnasio txiki bat egiteko. Diru laguntzak eskatzeko proiektu bat idatzi du dagoeneko udalak.
Garraio publikoaren inguruko kezka eta proposamenak ere jaso ditu Errezilgo Udalak, hala nola ordutegiaz edo geltokien seinalizazioaz. Autobus eskaintzaren inguruko eskumena ez dagokio udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari baizik. Halere, autobus zerbitzuak izan ditzakeen hutsuneak betetze aldera, taxi zerbitzu batekin ari dira lanean. Berez, Errezilen tipologiako herriari ez zaio taxi plazarik egokitzen, baina Eusko Jaurlaritzara egindako kontsultei esker, gizarte arlotik beharra argudiatuta zerbait egiteko aukera izan dezake udalak. Ondorioz, «ikuspuntu integral batetik» lantzen ari dira gaia orain.
Mediku kontsulta
Herritarren partetik gehien aipatzen den gaietako bat da medikuaren kontsulta urte osoan zabalik izateak duen garrantzia, eta ohiko medikuaren oporretan, abuztuan, kontsulta itxita egoteak herritarrei eragiten dien gabezia. «Herritarrek eskatzen dute osasun arreta eskubide bat dela, eta herrian bertan bermatu beharko litzatekeela eskubide hori, Azpeitira bueltaka ibili beharrean. Mediku kontsulten eskumena Jaurlaritzarena da, ondorioz, aukerak aztertuko dituzte zerbitzua bermatze aldera.
Azkenik, hondakinen kudeaketari dagokionez ere eskaera ezberdinak jaso dituzte. Errezilgo Udalak hondakinak gaika biltzen hasi zenean erabaki zuen baserrietako bidegurutzeetan errefusaren edukiontziak kentzea. Galdetegian gune horietan berriro edukiontziak jartzeko eskaerak jaso dituzte batzuen partetik, baina udalak ez du uste neurri egokia litzatekeenik hori. Gaur egun Errezilgo gaikako bilketaren tasa %67,15ekoa da, eta aurreko ohituretara bueltatzeak birziklatze tasak sekulako «beherakada» izatea ekarriko lukeela aurreikusten dute. «Urola Erdiko Mankumunitatean Azkoitiko kasua dago, izan ere, halako erabakiek birziklatze tasetan sekulako jaitsiera ekarri du», dio zinegotziak.
Hondakinen gaiarekin jarraituz, herritarren beste eskaera izan da kaleko edukiontziak leku bakarrean bateratzea. Udala bat dator neurri horrekin, eta ahalik eta azkarren, ontzi arinen eta paperaren edukiontziak errefusaren edukiontziarekin batera jartzea aurreikusten dute frontoi ondoko txabolan. Beiraren, olioaren eta pilen ontziek, berriz, dantzalekuan egoten jarraituko dute.