50. urtea ospatu dute lagunartean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko maiatzaren 11

Akerra elkarteko kideen argazkia. (Aitor Rodriguez/Angel Argazkiak) Duela 50 urte fundatu zuten Akerra ehiza eta arrantza elkartea Errezilen, eta ospatu berri dute urtemuga jaia, asteburuan. 76 lagun sartu ziren 1966an soziedade hartan, denak ere ehiza eta uso-tiroaren munduan ibiltzen zirenak. Gaur egun, 84 bazkide ditu txokoak, eta haietatik sei soilik dira hasiera-hasieratik bazkide. Horietako bat da Eugenio Ezama, eta "oso gustura" dago gaur egun elkarteak hartu duen norabidearekin: "Jende gazte ugari dago Akerran, eta hori ona da". Gainera, Ezamak uste du "lehengo giro bera" mantentzen dutela soziedadean, alegia, duela 50 urteko kutsua ez duela galdu lekuak. "Pozgarria" da ikustea gero eta bazkide gehiago dituela Akerrak, baina "goia jota" dagoela azaldu du: "Azken urteetan asko izan dira soziedadera batu direnak, eta ez dut uste jende askoz gehiago kabituko denik. Hori ere datu ona da". Hastapenetatik elkarteko kide izan direnei oroigarri bana eman zieten larunbatean Akerrako kideek, eta «une berezia» izan zen hura Ezamarentzat. Egun "konpletoa" Larunbatekoa egun "konpletoa" izan zen Akerrako bazkideentzat. 10:30ean meza izan zuten herriko parrokian; eta, ondoren, hamaiketakoa egin zuten, trikiti doinuekin jantzita. Eguerdian, herriko dantzariak eta herri kirol saioa izan zuten. Haimar eta Unai Irigoien anaiak aritu ziren harri-jasotzen, 8ko, 10eko eta 12ko harri zaharrekin. Haiez gain, Arria II.a eta Demesio Arregik egin zuten aizkoran, txanda librean, Arria V.aren aurka. Gaztea izan zen nagusi. Familia argazkia atera zuten, eta denek bazkaldu zuten Letean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide