‘Urberritzen’ egitasmoa aurkeztuko dute gaur, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean

Urola Kostako Hitza 2016ko ots. 18a, 10:09

Iraurgi Berritzenek berrikuntza soziala lantzeko proiektua jarri du martxan Urola Erdia eta Beterri eskualdeetan, Donostia-Beterri eskualdeko udalekin (Beterri) eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean. Urberritzen izena jarri diote Urola Erdia eta Beterri eskualdeetan ikuspegi sozialetik berrikuntza bultzatzeko prozesuari. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan dute proiektua gorpuzteko. Urberritzen egitasmoaren helburu da Urola Erdia eta Beterri eskualdeetako eragileen berrikuntza sozialerako gaitasuna handitzea, eta eragileen arteko elkarlana hobetzea, etorkizunean eskualdeko erronka sozialei erantzun egokiagoak eman ahal izateko eta lankidetza-proiektu berriak sortzeko. Proiektua otsailetik ekainera garatuko dute. Otsailetik maiatzera, eskualde bakoitzak bere prozesua izango du, eta, maiatzetik aurrera, bi eskualdeek bat egitea aurreikusten dute, eskualdeen arteko harremanak eta esperientziak lantzeko. Egitasmoa aurkezteko saio irekia gaur bertan izango da Azpeitiko Sindikatu Zaharreko lehen solairuan, 18:00etatik 20:30era. Saio horretan, egitasmoa aurkezteaz gain, berrikuntza sozialaren markoa eta ezaugarriak azalduko dituzte, eta hiru kasu praktiko ezagutzera eman: Karabeleko/Orona, Azpeitiko Kultur Mahaia eta Eroski/Gureak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide