"Mentalizatuta" zegoen Xabier Orbegozo Arria V.a 30 kanaerdikoetara apustua jokatzeko, baina ez zen inor joan erronka lotzeko jarri zuen hitzordura. Errezilgo Letea jatetxean egon zen joan den ostiral iluntzean, berak botatako desafioa nork onartuko zain. Apirilaren 17a jarri zuen data, eta aurkari bat ere aipatu zuen: Donato Larretxea. 30 kanaerdiko nork lehenago moztu, egurrak errezildarrak jarrita, horixe zen proba. Larretxeari ez ezik, gainontzeko aizkolariei ere egin zien gonbidapena Arriak, "edonoren aurka" jokatzeko prest zegoelako.
Errezilgo aizkolariak azaldu duenez, eguerdian jakin zuen Larretxeak ez zuela asmorik tratua egitera joateko. Halere, bazuen norbait joango zenaren itxaropena: "Vicente ere aipatu zuten, eta hura ere izan nuen buruan. Itxura denez, ordea, ez zen une egokia berarentzat".
Zerbaitek huts egin zuen bere proposamenean, eta arrazoi batzuk zenbatu ditu errezildarrak. Batetik, aipatu du "lan luzea" dela berak proposatutakoa: "Agian, aizkolariak ez daude horretarako prestatuta une honetan; izan ere, exijentea da 30 kanaerdiko lana". Ordubete inguruko jarduna izango litzakete, Orbegozoren hitzetan. Bestalde, azaldu du balitekeela data ere ez izatea guztientzat egokia; batzuk, dagoeneko, negurako ari direlako prestatzen.
Enborrak ere mintzagai izan dira, Arriak baldintzatzat jarri baitzuen enbor denak berak jartzea. "Nik ikusten nuen Larretxearen aurka jokatzeko behar nuela abantaila txiki bat, azkena ere galdu egin nuelako. Bentaja txiki hori enborrena zen", azaldu du Errezilgo aizkolariak. Arriak esan du, ordea, berarentzat "bentaja txikia" dena, Larretxearentzat "abantaila handia" izan zitekeela. "Aldea da nire gustuko egurrak eman ditzakedalako, baina, gero, biok lan berak egin behar ditugu, beraz, ez dut uste horrenbestekoa denik", azaldu du aizkolariak.
Bestalde, aipatu du aizkoraren mundua ez dela "oso handia". Olasagasti eta Atutxaren apustua airean dago oraindik, eta Dimako (Bizkaia) aizkolariak esan du Igeldokoaren (Gipuzkoa) zain egongo dela. Larretxeak ezezkoa eman zuen, eta beste inor ez zen agertu. "Askoz gehiago ere ez daude apustua onartzeko egoera eta gogoarekin", azaldu du.
Ostiralean apustua ez zuenez lotu, Arria V.ak erabaki du uda bitartean denboraldia bukatutzat ematea. Ondoren, txapelketak izango ditu, eta ez dago itxita beste apustu batzuk egiteko ere. Oraingoz, atsedena hartuko du.