Jon Gurrutxaga azpeitiarra bertsotan Sanagustinen, atzean beste bertsolariak dituela. (Ana Abarisketa)
Igande arratsaldean jokatu zen VIII. Erniarraitz Sariketako lehen kanporaketa, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Malen Amenabar, Unai Mendizabal, Aratz Igarzabal, Jon Gurrutxaga, Haritz Mujika eta Maialen Akizu bertsolariak bi ordu inguruko saioan aritu ziren, Haritz Etxeberria Ministro gai-jartzaile zutela. Jon Gurrutxaga azpeitiarra nagusitu zen saioan, eta txalo zaparrada artean jaso zuen garaikurra.
"Bertsotan egin izanaren sentsazioarekin" esnatu zen atzo Gurrutxaga: "Taula gainean oso gertuko jendearekin egon nintzen, eta horrek konfiantza ematen du beti". Saiora "teknikoki gehiegi prestatu gabe" iritsi zela dio, eta horregatik "freskotasuna" irabazi zuela. Kanporaketa irabazita, finalean izango da.
Izaera desberdineko bertsolariek parte hartu zuten igande arratsaldekoan, bakoitzak berea emanez saioari: «Bersolari batzuk badute gaitasuna jendearengana gerturatzeko; hori dela eta, umorea lantzeko edo gogoetarako momentuak egon ziren».
Igandean, Azkoitian
Bigarren kanporaketa saioa Azkoitian jokatuko da, eta honakoek parte hartuko dute: Maider Arregi, Oier Etxeberria, Oihana Iguaran, Amaia Iturriotz, Aitor Salegi eta Aitor Servier. Gurrutxaga bera ere saioan izango da, entzule gisa: "Saio oso potentea izango da, ikusgarria".
Otsailaren 28ko Errezilgo hirugarren saioaren ostean, Azpeitiko Gaztetxean da final handia, martxoaren 4an, 22:00etan.
Sailkapena
Lehenego kanporaketa saioa (Azpeitia)
1. Jon Gurrutxaga (Azpeitia, 1996). 240 puntu.
2. Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992). 237 puntu.
3. Haritz Mujika (Asteasu, 1995). 224,5 puntu.
4. Aratz Igartzabal (Gabiria, 1986). 218 puntu.
5. Maialen Akizu (Urretxu, 1996). 214,5 puntu.
6. Malen Amenabar (Larrabetzu, 1994). 209,5 puntu.
Bigarren kanporaketa saioa Azkoitiko Kultur Etxean izango da, igandean, 17:30ean.