Joan den urtarrilaren 22an hedabide honetan argitaratutako
Errezilgo Udalak Akertxoko eta gazte lokala ireki ditu azken hiletan artikuluaz zenbait argipen egin nahi genituzke. Gure asmoa ez da Urola Kostako Hitzaren lana zalantzan jartzea, aitzitik, eskerrak eman nahi dizkiogu herrian egiten ari garen lanaren berri emateko eskaintzen digun tarte zabalagatik.
Hala ere, artikulu horretako zenbait zatik sor ditzaketen gaizki ulertuak saiheste aldera, eta informazio iturri gisa udaleko ordezkariok egin genezakeen kudeaketa desegokiaren ardura geure gain hartuta, honako azalpenak eman beharrean sentitu gara: Akertxokoz uler daiteke gunea hutsetik martxan orain jarri duela Errezilgo Udalak, eta hori ez da zuzena. Akertxoko 2005ean ireki zen, baina udalaren zorpetze altua medio Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eginiko plan ekonomikoak behartuta, gunea itxi eta zerbitzua bertan behera utzi behar izan zuen orduko udal gobernuak.
Tarte horretan, Guraso Elkarteko hainbat lagunek borondatez euren artean txandak antolatu dituzte haurrei arreta eskaini eta zerbitzua martxan mantentzeko. 2015eko ekainean osatutako udal gobernuak, berriz, proposamen bat osatu zuen gazte dinamizatzaile bat kontratatu eta Akertxokoko zerbitzua kurtso honetan behintzat martxan mantentzeko, eta hala dago orain: dinamizatzailearen soldatarako beharrezko diruaren zati bat Guraso Elkarteak jarri du eta gainerakoa udaleko aurrekontutik osatu da.
Beraz, ez genieke orain artean borondatez lanean aritu diren gurasoei meriturik kendu nahi, eta artikuluak sor zitzakeen gaizki ulertuengatik barkamena eskatzen dugu.
Liburutegia, berriz, Akertxoko baino lehenagotik dago zabalik. Baina hango eguneroko zerbitzua ere aipaturiko plan ekonomiko horrek ezarritako beharrengatik utzi zen bertan behera, eta kasu horretan ere auzola- nari esker mantendu da zabalik.
Azken bi kurtsoetan, herritar batek hilean behin irekitzen zuen, eta aurtengoan herritar gehiagoren konpromisoari esker, asteartero irekitzen da 16:30etik 19:00etara.
Esandakoa, honekin ez dugu Urola Kostako Hitzaren lana zalantzan jarri nahi, eskerrak eman nahi dizkiogu Errezilgo berri emateko egiten duen ahaleginagatik eta aurrerantzean ere gure informazio kanal printzipala izaten jarraitzea nahi genuke. Beraz, aipaturiko artikuluak sor zitzakeen eragozpenengatik barkamena eskatzen diegu irakurleei, eta hurrengo aldi baterako halakoak saihesteko konpromisoa hartzen dugu.