Errezilgo Udalak Akertxoko eta gazte lokala ireki ditu azken hilabeteetan

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urtarrilaren 22a

(E. Albizu Lizaso) Herritarrentzat azpiegitura berriak prestatu ditu Errezilgo Udalak azken hilabeteetan, eta horren erakusle dira Akertxoko ludoteka eta gazteentzat eginiko lokala. Joan den urtearen amaieran jarri zituzten martxan bi tokiak, eta irekiak dira errezildar guztientzat. (E. Albizu Lizaso) Akertxoko 3 urtetik 12 urtera bitarteko haur eta gaztetxoek erabiltzeko prestatu dute, Beheko Plazan. Izan ere, ikusi zuten umeak eskolatik irteten direnean, eguraldi txarra eginez gero, ez dutela gunerik jolasean ibiltzeko. Akertxoko 2005ean ireki zen, baina udal ordezkariek diotenez, "udalaren zorpetze altua medio Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eginiko plan ekonomikoak behartuta, gunea itxi eta zerbitzua bertan behera utzi behar izan zuen orduko udal gobernuak". Hori dela-eta, zerbitzua martxan mantendu dute guraso elkarteko zenbait lagunek azken urteetan, baina orain langile bat hartuta bermatu du udalak ludoteka irekia izatea. Harrera "oso ona" izan du txokoak Ion Ziarsolo Errezilgo Udaleko zinegotziaren arabera: "Azken bolaran beteta egon da Akertxoko, eta oso harrera ona izan du herrian, ia kabitu ezinik ibiltzen gara eguraldi txarra egiten duenean", azaldu du. Begirale bat ere jarri dute ludotekan, eta hura arduratzen da umeez astelehenetik ostiralera, 16:30etik 18:30era. Ziarsolok gogorarazi du "irekia" dela Akertxoko, eta haur guztiak joan daitezkeela hara. Pauso bat gehiago eman, eta helduxeago diren gazteentzat ere lokala jarri dute Errezilen. Medikuetxean dute gazteek lekua, eta 13 eta 18 urteko herritarrentzat dago prestatuta. Udalak lokala jarri du, baina kudeaketa gazteen esku dagoela azaldu du Ziarsolok. "Lokaleko arauak ezartzerakoan, gurasoekin eta gazteekin landu dugu gaia, eta iritsi gara oinarrizko akordioetara", esan du udal zinegotziak. Zinegotziaren arabera, adin tarte horretako herritarrak biltzeko lekurik ez zegoen Errezilen: "Azpeitira joaten dira eskolara, eta gero bakoitza bere baserrira edo etxera itzultzen da. Ikusi genuen herriarekin duten lotura gal daitekeela horrela".

Liburutegia suspertuta

(E. Albizu Lizaso) Borondegiko eraikinean dagoen herriko liburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartu dute. Horretarako, "nahiko baldintza gogorrak" eskatzen zizkietela azaldu du Ziarsolok, baina nabarmendu du "herritarrei esker, auzolanean" prestatu dutela gunea. "Benetan eskertu behar diegu errezildarrei emandako laguntza guztia; izan ere, proposatzen dugun denarekin laguntzen digute", adierazi du. Horren erakusle da lau boluntarioen artean kudeatzen dutela liburutegia. Asteartetan egoten da irekita, 16:30etik 19:00etara, eta txandak egiten dituzte laguntzeko. Liburu berriak iristen ari dira liburutegira, eta liburutegien sarean sartu izanak herritarrei aukera ematen die liburutegian bertan ez dagoen materiala eskatzeko ere. Eneka Lazkano da liburutegiko boluntarioetako bat. Haren arabera, oraintxe ari dira liburuak sailkatzen eta programa berria erabiltzen ikasten. Egunerokoan, herritarrei azalpenak ematen dizkiete, eta txukuntasunaz eta isiltasunaz arduratzen dira. Liburutegien sarean sartzea "oso positiboa" dela esan du: "Lehen pixka bat mugatuta geuden, baina liburuak eskatzeko aukera hori aurrerapausoa da. Gaztetxoei eskolan eskatzen dieten materiala ere lor daiteke bertatik", azaldu du. Inkestak etxez etxe Udala etxez etxe inkestak egiten hasiko da datorren astean, "herritarren proposamenak ezagutzeko eta biltzeko". Erakundearen helburua "herria bizirik mantentzea" dela azaldu du Ziarsolok, eta horretarako "garrantzitsua" iruditzen zaie herritarren beharrak zein diren jakitea. Kirol, kultura, merkataritza... alor desberdinen inguruan iritzia emateko aukera emango dute. "Garrantzitsua da herritarrek zein gabezia ikusten dituzten jakitea", adierazi du zinegotziak. Hori dela-eta, errezildarrei eskatu diete erantzuteko "tarte txiki bat" har dezaten. Udalaren egoera ekonomikoa ona ez bada ere, horri buelta ematen ari direla adierazi du Ziarsolok. Gainera, nabarmendu du "herritarrei esker", aurrerapen asko egiten ari direla. (E. Albizu Lizaso)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide