(E. Albizu Lizaso)
Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza nagusitu ziren igandean, Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatu zuten Binakako Urrezko Aizkora Txapelketako kanporaketan. Errezilgo Xabier Orbegozo Arria V.a eta Azpeitiko Mikel Larrañaga mendean hartu zituzten Dimako eta Mutrikuko gizonek, lau minutu eta 23 segundoko abantailarekin.
Atutxa II.a eta Mugertza II.a finalerako sailkatu dira dagoeneko; otsailaren 28an izango da proba, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Arria V.ak eta Larrañagak, berriz, beste aukera bat izango dute txapelketa horretan aurrera jarraitzeko. Urtarrilaren 17an, datorren igandean, Jon Rekondo eta Ruben Saralegiren kontra lehiatuko dita, Leitzan (Nafarroa), 12:30etik aurrera.
Gehiago espero zuten
Arria V.aren arabera, «egun tristea» izan zen igandekoa. Lan «kaskar samarra» egin zutela uste du, baina prestaketa ere ez zen izan behar bezalakoa: «Atutxa eta Mugertza ondo prestatuta iritsi dira txapelketara, eta nabari da. Nik, berriz, hilabeteak igaro ditut Larretxearen aurkako apustua prestatzen, oso lan desberdinak egiten». «Egun txarra» izan zutela esan du Mikel Larrañaga azpeitiarrak: «Entrenamendu onak eginak genituen, baina igandekoa ez zen egun aproposa suertatu». Bi aizkolariek diote «ondo» hasi zirela lanean, baina gero «behera» egin zutela. Zutik moztu zuten enborraren ostean hasi zen bikoteen arteko tartea handitzen, Larrañagaren hitzetan. Ildo beretik, Orbegozok azaldu du bera ez dela eroso sentitzen zutik moztu beharreko enborrekin, eta horrek «izorratu» egin zuela.
Igandean izango dute azpeitiarrak eta errezildarrak azken aukera txapelketan aurrera egiteko. Arria V.ak azaldu du irabazteko asmotan doazela, eta ez dutela etsiko. Larrañagaren hitzetan, «lan ona» egin eta «egun egokia» tokatuz gero, aurrera egiteko aukera dute, eta horretara doaz: «Igandean, gaizki jardun ginen biok, eta ez zitzaizkigun gauzak nahi bezala irten».
Orbegozo eta Larrañagak uste dute Atutxa eta Mugertza direla txapelketako bikote gogorrena. «Ez zen erronka erraza Urrestillakoa; izan ere, lan motzetara ohituta daude haiek, eta ondo prestatu dute txapelketa», azaldu du errezildarrak. Rekondo eta Saralegiren kontra aritzea ere ez da erraza izango, baina irabazteko asmoarekin joango dira Leitzara.
Igandeko saioko denborak ikusi,
hemen.