Egurra emango dute Urrestillan

Urola Kostako Hitza 2016ko urtarrilaren 7a

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra atzo txapelketan (Ibon Errazu). Urrestillako (Azpeitia) Txikuri pilotalekuan aizkora erakustaldia emateko gogotsu daude Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugertza, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Mikel Larrañaga. Punta-puntako kirolari hauek Eusko Label binakako aizkora txapelketaren barruan lehiatuko dira igandean. Azpeitiko Udalak antolatu du ekitaldia, eta 12:30etik aurrera jokatuko da. Aizkolariek 24 enbor moztu beharko dituzte, sei modu desberdinetan. Lehia binaka izango da: Arria V.a errezildarrak eta Larrañaga azpeitiarrak bikotea osatuko dute, eta Atutxa-Mugertza II.aren kontra ariko dira. Tartean, harrijasotze erakustaldia emango du Urrestillan bertan bizi den Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak. Egun Atutxa eta Mugertza dira Urrezko Aizkorako txapeldunak. 2015eko martxoaren 8an lortu zuten txapela preziatua Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, Jon Rekondo eta Ander Erasunen kontra. 25 minutu eta 20 segundotan bukatu zituzten lanak orduan; minutu bat eta 39 segundora bukatu zuten Rekondok eta Erasunek. Xabier Orbegozo Arria V. (E. Albizu Lizaso) Xabier Orbegozo Arria V.a igandea iritsi zain dago: "Ederra da onenen kontra lehiatzea". Ez du ezerk izutzen errezildarra, eta irabazteko aukerak badituztela uste du. "Beste biei lana ematen saiatuko gara, dudarik gabe", esan du. Binakako aizkora txapelketak gustuko ditu, "azkarrak" eta "leherkariak" izaten direlako. Kirolariez gain, ikusleek ere gozatzen dute halako txapelketetan. Giroa, beraz, aparta izango da igande goizean Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Pasa den abenduaren 20an Donato Larretxea nafarraren kontrako apustua galdu ostean, astebeteko atsedenaldia hartu zuen errezildarrak. Geroztik, igandekoa izan du buruan, eta entrenamenduei ere gogotik heldu die. Biak batera, aurrenekoz Errezildarraren bikotea izango da Mikel Larrañaga azpeitiarra, Urrestillan. Beste aizkolari batzuekin aritu diren arren, biak batera taldelanean ariko diren aurreneko aldia izango dute honakoa. "Gertukoak gara eta elkarrekin oso ondo konpontzen gara", dio Arriak. Mikel Larrañaga azpeitiarra ere gustura dago bere bikote berriarekin, eta honek ere norgehiagoka irabazteko aukerak ikusten ditu: "Arria eta biok lan txukuna egiten badugu, lanak izango dituzte Atutxak eta Mugertzak guri irabazteko". Atzo, Errege Egunez, egin zuten azken entrenamendu saioa elkarrekin azpeitiarrak eta errezildarrak. Urrestillan bertan elkartu ziren egurrari kolpeak emateko eta tokia arnasteko. Urrestillakoa pilotaleku "ederra" dela dio Larrañagak, baina aitortzen du askotan kosta egiten zaiela kirolzaleak pilotalekuetara erakartzea. Orain, eta egun handia iritsi bitartean, bakoitzak bere etxean jarraituko du aizkorak zorrozten. Atzerako kontaketa hasi da dagoeneko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide