Xabier Orbegozo Arria V. (E. Albizu Lizaso)
Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak eta Donato Larretxea nafarrak aizkora apustua jokatuko dute igandean, Tolosako zezen plazan. 12:00etan neurtuko dituzte indarrak bi kirolariek, eta 20 kanaerdiko moztu beharko dituzte. 24.000 euro dituzte jokoan. Egurrak erdibana prestatu eta eramango dituzte.
Arria V.a «puntu onean» iritsiko da igandeko probara: «Duela zortzi hilabete itxi genuen apustua, eta luze joan da. Halere, ondo zaindu naiz, eta gustura joango naiz Tolosara igandean».
Ondo prestatu du erronka errezildarrak, eta «konfiantzarekin» zapalduko du zezen plaza. Igandeetan entrenamendu gogorrak egiten jardun du azkenengo hilabeteetan, eta astean zehar segida motzak eta biziak egin ditu. «Ez dut ezer berezia egin apustuari begira, betiko entrenamenduei heldu diet, seriotasunez», azaldu du Orbegozok. Atzo egin zuen azken entrenamendua, eta atseden pixka bat hartuko du orain: «Azken bi egunak lasaiago hartuko ditut, ez dut esaten dena lagako dudanik, baina egin beharrekoa eginda dago».
Larretxearen zain
«Larretxea aizkora munduko handietakoa izan da», esan du Orbegozok aurkariaz. Nabarmendu du apustu gutxi galdu dituela nafarrak bere kirol ibilbidean, eta «errespetu handiarekin» jarriko dela haren aurrean.
Denbora dezente da Arriak ez duela Larretxea ikusi banakako lan «serioetan», beraz, ez daki ziur zer maila erakusteko gaitasuna izango duen. «Hori da apustu honetako misterioa eta xarma, ez dakigu nola erreakzionatuko duen egunean bertan».
Duela zortzi hilabete adostutako apustuaren unea iritsi da. Letea jatetxean bildu ziren Arriaren kuadrillakoak Larretxea eta lagunekin afari gau batean, eta errezildarrari ezer esan gabe jarri zuten lehen seinalea. Handik bi astera itxi zuten erronka aizkolariek. Arria apustuzalea da, eta mundu horretan jarraitzeko asmoa du, «herri kirolen distira direlako erronkak».