Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Goizeko hamarretan irekiko ditu ateak igandean Errezil sagarraren azokak, herriko plazan. Aurtengo uztari dagokionez, "oso ona" izan dela dio Jone Irulegi antolatzaile taldeko batek.
Errezil sagar preziatuaren azoka ospatuko dute igandean, Errezilen bertan. Goizeko hamarretan irekiko ditu ateak azokak eta Errezil sagarra erakusleihoan jartzeaz gain, sagarkiez gozatzeko aukera ere izango dute bertara joaten direnek. Herriaren izena daraman sagarra, Ibarbia izenez ere ezagutzen dute batzuk. Igandean eguraldia lagun izanez gero, goiko plazan egingo dute azoka; aldiz, euria egingo balu frontoira lekualdatuko lukete sagarraren festa.
Duela 21 urte sortu zuen azoka herriko emakume talde batek, eta abenduko aurreneko asteburuan errepikatzen joan den ohitura bihurtu da ordutik. Hasieratik azoka antolatzen ibili den emakume horietako bat da Jone Irulegi. Aurtengo sagarraren uztaz galdetuta, "oso ona" izan dela dio berak.
Guztira, herriko hamabi baserrietako kideek parte hartuko dute azokan. Etxeko sagarrez gain, beraiek landutako sagarkiak jarriko dituzte azokan salgai, hala nola, marmeladak eta irasagarrrak, likoreak eta postreak izaten dira nagusi postuetan. Jan-edanaz gain, bitxien edota eskulanen postuak ere jarriko dituzte hainbat herritarrek azokan. Urtero bezala, gaztain erreak ere izango dira.
Irasagar lehiaketa
Aurten, berritasun gisa, irasagar lehiaketa antolatu dutela azaldu dio Hitzari Irulegik: "Postua jarri gabe ere, edonork parte hartu dezake lehiaketan. Egunean bertan irasagarra etxetik ekarri eta herritarrei emango diegu hitza, beraiek aukeratu dezaten gehien gustatu zaien irasagarra". Parte-hartzaileen artean zozketa egingo dute gero, eta irabazleak herriko produktuez osatutako otarra irabaziko du. Sagarraren azoka, eguerdiko ordubiak arte luzatzea aurreikusten dute antolatzaileek.
Igandean, beraz, beste behin irekiko ditu ateak Errezil sagarraren azokak. "Gure helburua da Errezil sagarra ezagutaraztea. Herritarrek jakin dezatela eskuragarri dagoen sagar mota dela, edonork eskuratzeko modukoa", azaldu du Irulegik.