Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak egitarau oparoa prestatu du larunbaterako Errezilen. Iruretxiki baserri ekologikoa bisitatzeko aukera egongo da.
Bada zer egin asteburuan Errezilen. Izan ere, produktu ekologikoen jaia ospatuko dute larunbatean. Herriko baserri ekologikoak ezagutzeko aukera egongo da, Biolurrek antolatutako ate irekien egitarauaren barruan.
Antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu dute. Hala, Iruretxiki baserrira bisita gidatuak egingo dituzte goizean, 10:00etatik 14:00etara. Baratza, sagastia, galsoroa edo okindegian nola lan egiten duten ikusteko aukera egongo da.
Errotaren funtzionamendua erakusteko, Ekologikoa Logikoa txokoa egongo da. Han, zereal mota anitzak desberdintzen irakatsiko dute, baita haziak nola lortu ere. Produktu ekologikoen azoka izanda, arreta berezia jarriko dute ekoizpen ekologikoaren eta ekoizpen konbentzionalaren arteko desberdintasunak azaltzen. Errezilen ereindako garia erabiliz galleta tailerra ere egingo dute goizez.
Baratzagintza ekologikoaren inguruko esperientziak eta bizipenak bisitarien artean elkarbanatzea helburu dute, eta gari eta zereal desberdinen ereite tailerra egingo du.
Bisita gidatuetan ez dira Errezil sagarraren sagastiari eta sagarrari buruzko azalpenak faltako, eta bertako produktu ekologikoekin osatutako azoka egingo dute, eta dastatzeko aukera ere egongo da.
Nekazaritza ekologikoaren inguruko informazioa honako elkarteek eskainiko dute: Eneek, EHKO, Basherri Sarea eta Biolur.
Bazkari herrikoia
Eguerdirako bazkari herrikoi ekologikoa prestatu dute. 14:00etan da bazkaria. Helduak zortzi euro ordaindu beharko dute eta umeek bost euro. Bazkalondoan musika eta dantza egiteko aukera egongo da Errezilen. Parte hartzeko 943-76 14 47 telefonora deitu behar da.