Antolatzaileak oso gustura gelditu dira Errezilen I. Kros Mistoak izandako harrerarekin

Ana Abarisketa 2015eko azaroaren 17a

32 bikotek parte hartu zuten Errezilgo I. Kros Mistoa. (Ana Abarisketa) Aurreikuspen guztiak bete dituzte, eta "oso pozik" daude Errezilgo I. Kros Mistoa antolatzen aritu diren taldekideak. 32 bikotek parte hartu zuten igandeko lasterketan, hasieran aurreikusten zutenaren bikoitza. Nerea eta Andoni Etxeberria (18:07) azpeitiarrak izan ziren aurrenak 4,2 kilometroko ibildea bukatzen. Bigarrenak izan ziren sailkapenean Oñati eta Bergarako Miren Josu Bikuña eta Aitor Mugika (18:43) eta, hirugarrenak, Bidania-Goiazko Naiara eta Josu Elola (18:53).  Sailkapena osorik www.herrikrosa.eus-en ikusi daiteke. Ibilbide maldatsua prestatu zuten antolatzaileek. Baina lasterketa gogorra izanda ere Errezilgo paisaiarekin gozatu zuten parte-hartzaileek. "Oso balorazio positiboa egin dugu antolatzaileok, parte-hartzaileek pozik egon zirela esan ziguten, eta hamaiketakoarekin ere gustura ziren", esan dio Hitzari Ion Ziarsolok. Errezilgo bertako nahiz inguruko herrietakoek parte hartu zuten lasterketan. Hala, aurtengo arrakasta ikusita, datorren urtean bigarren edizioa antolatzea aurreikusi dute. Helduen kros mistoa hasi aurretik gaztetxoak lehiatu ziren Errezilen. Adinaren arabera banatutako hiruzpalau lasterketa egin zituzten, hamaiketakoa eginez bukatzeko. San Martin auzoko mendi proba larunbatean izan zen. (A. Abarisketa) Errezilgo I. Kros Mistoa San Martin jaien egitarauaren barruan egin dute. Datorren igandean bukatuko dira herriko jaiak, Jubilatuen Egunarekin. Meza ospatuko dute San Martin parrokian, 12:00etan. Ondoren, bazkaria egingo dute Borondegin, bertsolariek girotuta.

Mendi lasterketa Azkoitian

Azkoitian ere ospatu dituzte Sanmartinak. II. San Martin Mendi Lasterketa jokatu zen larunbat goizean. Imanol Larrañaga Bitturi (33:09) izan zen aurrenekoa zortzi kilometroko ibilbidea bukatzen. Nesketan aurrenak helmugaratu ziren Sonia Alonso eta Beatriz Temprano (44:31). Eskutik eutsita jo zuten San Martingo kanpaia.

Azkoitiko IX. Herri Lasterketa da larunbatean

IX. Azkoitiko Herri Lasterketa jokatuko dute larunbatean Azkoitiko kaleetan zehar. Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton taldeak antolatu du. 10 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik parte-hartzaileek. Lasterketa, 16:30ean hasiko da Azkoitiko plazatik, eta ehunka lagunek parte hartzea espero dute antolatzaileek. Dagoeneko izena eman daiteke, 10 euroren truke, Azkoitiko Elkargunean eta Azpeitiko Aradi kirol-dendan. Internet bidez ere izena eman daiteke, www.herrikrosa.eus webgunearen bidez. Larunbatean, probaren egunean, posible izango da izena ematea Azkoitiko plazan; orduan 15 euro ordaindu beharko dira parte hartzeko. Ibilbide "erosoa" prestatu dutela azaldu dio Hitzari Agustin Gartzia Raka taldeko kideak, "edonork bukatzeko modukoa". "Maldarik ez dago ibilbidean, izan ere parte-hartzaileek gozatzea da gure helburua". Iazko Azkoitiko herri lasterketan 400 bat lagunek parte hartu zuten. Larunbateko hitzordurako 140 inguruk eman dute izena dagoeneko eta aurreko urteko kopuruak gainditzea nahiko lukete antolatzaileek. Tamaina honetako lasterketetako buruhausterik handiena egunean bertan ibilbide osoa kontrolatzeko adina boluntario elkartzea izan ohi da. Ormaetxea Txirrindulari Elkarteko kideek dagoeneko jakinarazi dute probaren antolakuntzan parte hartuko dutela, eta laguntzeko prest diren guztiei deia luzatu die arratsaldeko hirurak alderako Azkoitiko Kontzejupera agertu daitezen. Beraz, dena prest dute Azkoitian larunbat arratsaldean XI. Herri Lasterketaz gozatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide